Bideoteka - laia
Breadcrumb
IZ Bideoteka
Bideoteka
Eduki publikatzailea

100 emakume baino gehiago bildu ziren Santikurutze Kanpezun joan den larunbatean, ekainak 18, Arabako Irakurketa Klub Feministen III. Topaketa ospatzeko. Horrela, pandemiaren ondoren, 2021-2022 ikasturteari amaiera ematen dion jai-ohitura hori berreskuratu zen, eta udaz blaitutako agurra egin zen urrian berriz elkartu arte.
Begoña Etayo Ereñak dinamizaturiko “La Hora Violeta” gaztelaniazko irakurle klubetako partaideak joan ziren; Añana, Aiara, Gasteiz, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Mendialdea, Arabako Errioxa eta Trebiñutik, hain zuzen ere. Bestetik, Arabako Errioxako, Gorbeialdeko, Aiaraldeko, Lautadako eta Gasteizko euskarazko irakurketa-klubetako partaideak ere izan ziren, Ainhoa Aldazabal Gallastegi, Matxalen Gaminde Araluce, Gema Lasarte Leonet eta Josune Muñoz San Joseren eskutik. Gainera, Blanca Matak dinamizatutako Gasteizko Emakumeen Etxeko irakurketa errazeko klubeko partaide batzuk ere izan ziren.
Ekitaldia Mendiandreak Mendialdeako batukada talde feministaren danborrekin hasi zen eta herriko plazatik Kanpezuko Kultur Etxeraino lagundu ziguten.
Ainhoa Campo Arenazak Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak ongi etorria eman zuen, klubetako koordinatzaileen etengabeko bultzada eskertuz. Izan ere, “literatura feminista aberats eta anitzaren bitartez hilero gonbidatzen gaituzte geure burua bir-pentsatzen, munduan eta gizartean dugun lekua zein den, nondik gatozen, nora iritsi nahi dugun eta emakume feminista gisa egin nahi dugun bidea nola egingo dugun ikustera”.


Bestalde, Santikurutze Kanpezuko alkatea den Ibernalo Basterra Txaskok parte hartzaileei eskerrak eman zizkien, “hazten jarraitzera animatuz eta literaturaren bidez ahaldunduz, baina are gehiago, zuen ikaskideekin klubean irakurtzen diren testuek eta liburuek jorratzen dituzten gaiei buruz dituzuen iritziak partekatuz, sarea sortuz,...".
Aurkezpenen ondoren, Begoña Etayo Ereñak hasiera eman zion ekitaldiari Begoña Abad poetaren poesia errezitaldia aurkeztuz. Ondoren, irakurle klubetako partaideek bere poema batzuk irakurri zituzten euskaraz. Ostean, Isabel Mellén Rodríguez historialariak hartu zuen hitza, eta emakumeek Arabako Erromanikoko kultura eta ondare artistikoaren esparruan izan zuten zeregin garrantzitsu eta ezezagunari buruz hitz egin zuen.
Amaiera gisa, Mendialdeko kideek bertso polit batzuk oparitu zizkiguten, eurez osatuak eta bertaratutako guztiekin batera kantatu zituztenak:
Maider Agirre Goikoetxea Mendialdeko Berdintasun Teknikariak irrintzi indartsu batekin itxi zuen ekitaldia. Azken txalo zaparrada eguneko emperatura altuak baino beroagoak izan ziren, hurrengo topaketara arte agurtuz! Ea zein kuadrilla animatzen den hura antolatzera!
Argazki-galeria

Ramiro Gonzálezek eskerrak eman dizkie landa eremuetako elkarteetan lanean jardun duten emakumeei, Araba aberasten lagundu baitute
Arabako Foru Aldundiak Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako ekitaldian, kuadrilletan erreferente izan diren adineko zazpi emakumeri egin diete omenaldia
Gasteiz, 2020ko martxoaren 6a. “Landa eremuko elkarteetako emakumeei eta haiek egindako lanari zor dio Arabak bere handitasuna eta aberastasuna neurri handian”. Hori esan du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurretik Arabako Foru Aldundiak gaur arratsaldean egin duen erakunde ekitaldian, zeinean omenaldia egin baitiete urtetan elkarteetan lanean aritu diren Arabako landa eremuko emakumeei.
Irakurri prentsa ohar osoa hemen.

Ekainaren 21ean, 130etik gora emakume elkartu ginen Arabako Irakurle Klub Feministen II. Topaketan. Iaz ekin genion ibilbideari, Arabako Errioxan, eta, oso arrakastatsua izateaz batera, hain harrera ona egin zioten kuadrilla horretako irakurle-klubeko kideek, ezen tradiziotzat hartzea erabaki baikenuen han bertan. Bada, Lautadako klubak hartu dio erreleboa. Hala, Argomaizko paradorearen ingurune ezin hobean egin genuen Gasteizko eta LAIAeskolako irakurle-klub feministen topaketa.
Ana Maria Gorospe Arabako Lautadako kuadrillako presidenteak eta Nekane Zeberio Diputatu Nagusiaren Kabineteko zuzendariak (duela gutxi arte Arabako Foru Aldundiko Berdintasuneko politikari izandakoak) egin ziguten ongietorria, eta irakurle-klubak Jabekuntzarako Eskolaren bidez kuadrilla guztietan sustatzen diren jarduera estrategikoak direla gogorarazi zuten. Halaber, Nekane Zeberiori agur esateko baliatu genuen unea, eta foru-aldundiko berdintasunerako politikekin izandako konpromisoa eskertu genion, bai eta LAIAeskolaren aldeko apustu beti gogotsua eskertu ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kabineteko zuzendari gisa egingo duen etapa berrirako zortea opatzearekin batera.
Adierazi zuten moduan, «2018-2019ko ikasturtean, hamar irakurle-klub abiatu dira Araban, zortzi gaztelaniaz eta bi euskaraz, eta, Gasteizko hirurekin batera, hilero elkartzen diren eta topaketa feministarako gune hori partekatzen duten 200 emakume inguru biltzen dituzte».
Begoña Etayo da kluben koordinatzailea, eta klubaren izenaren zergatiaz mintzatu zen:
«Bioleta feminismoaren kolorea delako eta ordu bioleta iluntzearen ordua delako aukeratu nuen izen hori: egunak eta gauak elkar besarkatzen duten ordua da, eta ordu horretantxe elkartzen gara. Baina baita, eta gaur nabarmendu egin nahi dut, Montserrat Roig idazle katalanaren nobela baten izenburua delako ere. Esan beharra dago, gainera, gaur hizlari izango dugun Rosa Monteroren laguna izan zela. Bada, Montserrat Roig feminista zen, eta 1991n hil zen, 45 urte zituela. La hora violeta nobela erreferentea izan zen gure belaunaldiko emakumeentzat».
Eta, horrela, eguneko gonbidatuari eman zion hitza: Rosa Montero Gayo, kazetari eta idazle aitortu eta saritua, eta, aldi berean, guztiontzako feminista erreferentea. Bego Etayok kontatu zigunez, irakurle-klubetan Monteroren La ridícula idea de no volver a verte liburua irakurtzen ari dira, «Marie Curieren bizitzaren bidez emakumeei eta zientziari buruz hitz egiteko, baina baita Matilda efektuaz aritzeko ere; hau da, emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako aurreiritziaz eta emakume horien lanak askotan adiskide gizonezkoei egozteko joeraz hitz egiteko. Halaber, beste gai asko jorratzeko balio du liburuak: mina gainditzea, gizonen eta emakumeen arteko harremanak eta feminismoarekin zerikusia daukaten bestelako alderdiak. Bestalde, hasieran irudi dezakeenaren kontrara, heriotzari buruzko liburu bat baino gehiago dela ondoriozta daiteke, eta bizitzari nahiz bizitzaz osotasunez eta arintasunez gozatzen ikasten dutenen jakinduriari egindako kantua dela».
Rosa Monterok, “Una montaña sobre la cabeza” ponentziaren bidez, feminismoari eta literaturari buruz, feminismoan bizitzen ari garen uneari buruz, horren lorpenei eta arriskuei buruz eta etorkizunaren balizko bideari buruz hitz egin zuen. Ponentzia zoragarri horren ostean, elkarrizketa animatua eduki zuten idazleak eta parte-hartzaileek.
Beranduago, eguzkia buru gainean joka geneukala, Idiazabal gaztaren ibilbidea aurkeztu zuen Arabako Lautadako Landa Garapenerako Elkarteko kidea den Arantza Arrien Goitiandia teknikariak, gazta egiten duten emakumeek gidatuta. Mendialdeko Mendiandreak perkusio-taldeak girotu zuen gazta-dastatzea, zeina Arabako Foru Aldundiak babesten duen, LAIAeskolaren esparruan.
Gazta dastatu, perkusioaren erritmora dantzatu eta taldearen nahitaezko argazkia atera ondoren, bazkari animatua partekatu genuen Agurainen, eta bisita gidatua egin. Azkenik, hurrengo udazkenera arte agurtu ginen, orduantxe elkartuko baikara berriro, «ordu bioletan» hilero, feminismoaren, kulturaren eta elkarrizketa onaren bidez emakumeen kontzientzia kolektiboan arakatzeko. Eta erronka 2020ko topaketan jarrita joan ginen. Zein kuadrilla animatuko da hurrengoa antolatzera?
Eskerrik asko!