Arabako Mendialdeko Kuadrilla - laia
Cabecera Mendialdea
Arabako Mendialdea
Hau zure kuadrillaren espazioa da. Hemen aurkituko duzu beti zure zonako edukia, tailer, prestakuntza, hitzaldi, artikulu eta informazio garrantzitsu guztiarekin.
LAIAk jarduerak bultzatzen ditu Arabako kuadrilla bakoitzean, ahalduntzea eta berdintasuna sustatuz sare parte-hartzaile eta konprometitu baten bidez.
Eduki publikatzailea
TIT Ekitaldi ziklikoak
Ekitaldi ziklikoak
Encabezado actualidad cuadrillas
Eduki publikatzailea

Urriaren 2an, Kanpezuko Kultur Etxeak «Gure prozesua ohoratzen» topaketa hartu zuen, Kanpezuko eta Maeztuko jatorri desberdinetako emakumeek azken urteotan elkarrekin egindako ibilbidea aitortu eta ospatzeko.
Jardunaldia 18:30ean hasi zen, eta 20 lagun inguru bildu ziren Kanpezuko Kultur Etxean. Topaketa Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Joana del Hoyo Fernándezek eta Hajar Samadik, gizarte-langileak, aktibistak eta Bidaya emakume musulmanen elkarteko presidenteak, aurkeztu zuten. Samadik funtsezko zeregina izan du azken urteotan Kanpezuko eta Maeztuko emakumeen arteko harremanak eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko prozesuan.
Topaketan, 2019az geroztik egindako ibilbidea gogoratu zuten. Urte hauetan guztietan, emakumeen arteko konfiantza, elkar ezagutza eta bizikidetza sustatzeko espazioak sortu dira, aniztasuna eta emakumeen parte-hartzea erdigunean jarriz.
Jardunaldiko unerik hunkigarrienetako bat Moviltikek, kultura berrikuntzarako elkarteak egindako ikus-entzunezko lanaren proiekzioa izan zen. Bideoan, emakume protagonistek beren bizipenak eta esperientziak partekatu zituzten. Bereziki esanguratsua izan zen prozesuaren bilakaera: lehen grabazio batean parte hartu nahi izan ez zuten emakume migratuetako batzuk oraingoan beren istorioak kontatzera animatu dira. Konfiantzan, ahalduntzean eta ikusgarritasunean emandako urrats garrantzitsua.
Jardunaldia mokadu baten inguruan amaitu zen, elkarrizketarako eta elkarrekin ospatzeko tartea eskainiz.
LAIA Arabatik, urte hauetan guztietan sareak ehuntzen eta bizikidetza eraikitzen aritu diren emakumeen lana eta konpromisoa nabarmendu nahi ditugu.

Urriaren 2an, Kanpezuko Kultur Etxeak “Gure prozesua ohoratuz” jardunaldia hartuko du, Arabako Mendialdeko jatorri eta ibilbide desberdinetako emakumeek 2019tik elkarrekin egindako bidea aitortu, ikusarazi eta ospatzeko topaketa.
Prozesua 2018-2019 inguruan hasi zen, Kanpezun eta Maeztun bizi ziren jatorri desberdinetako emakumeek elkar ezagutzeko, harremanak sortzeko eta herriko bizitzan parte hartzeko espazio baten beharra antzeman zenean. Izan ere, emakume migratu asko lurraldean bizi baziren ere, hizkuntza- eta kultura-oztopoek eta bestelako baldintzek zaildu egiten zuten komunitateko espazioetan parte hartzea.
Behar horretatik abiatuta, Arabako Foru Aldundiak eta LAIAk bultzatutako esku-hartze prozesu bat jarri zen martxan, Bidaya emakume musulmanen elkartearen eta beste gizarte-eragile batzuen laguntzarekin. Lehenengo urratsa elkar ezagutzea, konfiantza sortzea eta emakumeen beharrak eta bizipenak entzutea izan zen, hortik abiatuta jarduerak eta topaguneak elkarrekin eraikitzeko.
Prozesu horren lehen emaitza garrantzitsuenetako bat Arabako emakume magrebtar bizilagunei buruzko estereotipoei heltzeko eta zurrumurruen aurkako ekintzan genero-ikuspegia txertatzeko oinarrizko gida izan zen. Kanpezuko eta Maeztuko emakume taldearen lanetik sortutako tresna horrek egunerokoan emakume magrebtarrei eragiten dieten zurrumurru eta estereotipoetako asko identifikatzeko eta lantzeko aukera eman zuen.
Urtez urte, prozesuak jarraipena izan du, eta gaur egun jatorri eta ibilbide desberdinetako emakumeen arteko topagune bihurtu da. Bertan, besteak beste, bizikidetza, harrera, feminismoak, arrazakeriaren aurkako lanketa, kulturarteko bizipenak eta berdintasuna lantzen dira, betiere emakumeen esperientzia eta interesetatik abiatuta.
2026an zehar, gainera, Ramadanean emakumeek dituzten bizipenen, feminismoen eta Martxoaren 8aren inguruko topagune kolektiboak sortu dira. Aldi berean, Moviltik elkartearekin batera, kontakizun pertsonal eta kolektiboak jasotzeko lana egin da, emakumeak eurak izan daitezen beren ibilbideei, bizipenei eta lurraldearekiko harremanari buruz zer eta nola kontatu erabakitzen dutenak.
Urriaren 2an, prozesua herritarrekin partekatzeko unea
Orain, egindako bide hori aitortu eta Mendialdeko herritarrekin partekatzeko unea iritsi da.
“Gure prozesua ohoratuz” jardunaldia urriaren 2an egingo da, 18:30ean, Santikurutze Kanpezuko Kultur Etxean. Emakumeen arteko aitortza, topaketa eta ospakizun ekitaldia izango da.
Jardunaldian, parte hartu duten emakumeekin batera egindako ibilbidea aurkeztuko da eta Moviltik-ek egindako ikus-entzunezko lana proiektatuko da, protagonisten esperientziak eta istorioak haien ahotsetatik ezagutzeko. Amaitzeko, musikaz lagundutako mokadutxo eta solasaldi bat egingo da, elkarrekin ospatzeko.
Topaketaren helburua urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeak eta egindako bidea aitortzea da, elkarrekin eraikitakoa ikusaraztea eta prozesua Mendialdeko gainerako herritarrei zabaltzea, lurraldean kulturarteko topaketarako eta harremanetarako espazioak indartzen jarraitzeko.
- Urriak 2
- 18:30
- Santikurutze Kanpezuko Kultur Etxea
Haurtzaindegi zerbitzua behar izanez gero, aldez aurretik eskatu behar da:
mendialdea.mixtura@araba.eus / 622 555 265

















