Topaketa - Arabako Errioxa - laia
Breadcrumb
Memoriarako Topaketa, Arabako Errioxa
Memoriarako Topaketa, Arabako Errioxa
Kultur Etxea, Labastida, urriak 28
Urriaren 28 arratsaldean elkartu ziren Arabako Errioxako hainbat herritako emakume eta gizonak Bastidako Kultur Etxean. Etorri ziren batzuk tokiko elkarteetako emakumeak ziren, beste batzuk eskualdeko kazetariak, lurraldean hilabete gutxi batzuk zeramatzatenak ere baziren eta historia eta memoria demokratikoa oso interesatzen zitzaienak ere bai. Aurkezpenen txandan argi gelditu zen bakoitzaren motibazioak zein ziren: ikasteko nahia, ikusezin bihurtu ziren iraganeko emakumeez zuten jakin-mina, tokiko historia hobeto ulertzeko beharra eta, zenbaitetan, dokumentatzeko asmoa. Partaideetako batek zintzotasun osoz esan zuen: “Irakurri nuen lehenengo liburu feminista Feminismo para principiantes izan zen. Emakumeen historia nola ezabatu zen ikusteak egin zidan zirrararik handiena. Ageri ziren lehenengo izenak... nik inoiz ikasi gabeak ziren.”
Topaketaren irudia.
Saioa hasteko, topaketarako proposatu zen aztarna aurkeztu zen: 1936 ondoren araztutako maistra errepublikarrak. Esparru historikoak bideratu zuen elkarrizketa eta berehala hasi ziren agertzen oroitzapen pertsonalak, amek eta amonek kontatuak eta frankismo garaian eskoletan irakasten zenaren eta ondorengo belaunaldietan durundi egiten zuenaren arteko alderaketak. Clara Ajamil historialariak, Elvillarrekoa jaiotzez eta Guardian hazia, eman zuen elkarrizketa bideratu zuen lehenengo datuetako bat: “Maistrak aipatu dituzuenean... begira nor zen zuzendaria: gizonezko bat. Bigarren Errepublika zen eta askatasun handiena orduan izan genuen, baina kargurik handiena gizonek izaten zuten beti.” Maistren egitekoa, hezkuntza-sistemaren egitura hierarkikoa eta sexuen araberako banaketaren iraupena (irakaskuntzan nahiz ikasteko asmoetan) lotu zituen.
Topaketaren irudia
Hortik abiatuta hezkuntza-sistema frankistaz hitz egin zen eta zenbait belaunaldik erabili zituzten eskolako materialez ere bai. Partaideek nabarmendu zuten liburu eta koaderno haiek ez zirela neutroak, baizik eta haurrak genero-ideologia oso patriarkal, morizatzaile eta totalitarioan hezteko eginda zeudela. Clarak egin zuen deskribapenak ideologia horren irudi garbia eman zuen:
“Irekitzen zenuen liburua eta historia osoa Jainkoaren eta Espiritu Santuaren eskuekin egindakoa zen... Gero Errege Katolikoak, Karlos V.a, Felipe II.a, Primo de Rivera eta Franco zetozen. Hori zen prozesua. Ia eskeman.”
Eduki horiek erregimenari ongi zetorkiona adierazten zuten, iraganaren irudi bakarra indartzen zen eta gizonek eta emakumeek gizartean izan behar zuten tokia ere markatzen zuten. “Lokatz haietatik, lohi hauek”, esan zuen, haurtzarotik barneratutako irakaskuntza haiek gainetik kentzeko zailtasuna azpimarratu nahian.
Topaketara ekarritako objektuak
1970-80ko hamarkadetan ikasi zutenen esperientziez aritu ziren ondoren, eta diziplinazko metodoak eta generoaren arabera banatzeko praktikak zenbat iraun zuten azaldu zuten. Partaide batek Oiongo eskolako esperientzia partekatu zuen: “OHOko lehenengo mailan banandu egiten zintuzten: irakurtzen zekiena maisuaren gelara joaten zen eta irakurtzen ez zekiena maistrarengana...”. Eta beste batek gehitu zuen: “Eraztunarekin jo, erregelarekin, plastikan banandu: mutikoek, marketeria; neskak, jostera. 1980ko hamarkada zen...”. Antzeko kontuak esan zituzten gehiagok ere: oinetakoa botatzen zuen maistra, gelen banaketa irakurtzeko mailaren arabera egitea, ikaskuntzak markatzen zuen beldurra. “Edo ikasi, edo jo”, gogoratu zuten. Euskaraz eta gaztelaniaz ari ziren, bizipenen mapa egiten ari ziren eta eskola diziplinarako tokia zela esan zuten; aldi berean, neskatoen eta mutikoen arteko desberdinkeriaz betetako tokia ere bazen.
Hortik emakumeen lanbideen unibertsora egin zen jauzi, Arabako Errioxako herrien bizitzari eusten zieten lan ikusezin haietara. Jostunak, maistrak, dendariak... aipatu ziren. Emakumezkoek artatzen zituzten denda asko entzuteko gune ere baziren. “Ez zinen soilik erostera joaten”, esan zuen batek. Jostunak ezinbestekoak ziren eguneroko bizitzan, baina ez zuten aintzatespen publikorik. “Brodatzaileak gizonezkoak izaten ziren eta ordaindu egiten zitzaien; gizonezkoen trajeak jostunek egiten zituzten”, azaldu zuen batek, eta lengoaian ere islatzen zen desberdinkeria: “Gaztelaniaz, esaterako, ‘sastrea’ eta ‘modistillak’ esaten zitzaien”. Lantziegon, Eltziegon eta Guardian, adibidez, hausnarketa horiek eta egun artxiboetan egiten ari diren bilaketak lotu ziren; emakumeen izenik ia ez baita ageri, bigarren mailako egitekoetan edo Elizarekin zerikusia dutenetan ez bada.
Eltziegon egiten ari diren funtsezko lan baten berri ere eman zen; izan ere, Udalak emakumeen memoria berreskuratzeko komunitate mailako prozesua hasi du Mentxu Ramilo Araujoren laguntzarekin, herritarren parte hartzean eta memoria feministan aditua baita. Ekimenaren berri Con nombre(s) de mujer(es) blogaren bidez eman zen eta lekukotzak, argazkiak eta herritarren kontakizunak daude. Udalerriko bizitzari eutsi zioten emakumeak identifikatu nahi dira (jostunak, maistrak, dendariak, nekazariak) eta tokiko genealogiak berreraiki ikuspegi feministatik. Bertaratuta batek baino gehiagok nabarmendu zuen proiektua zein garrantzitsua zen, Arabako Errioxan generoa kontuan hartuta memoria aktibatzeko adibidea baita.
‘Con nombre(s) de mujer(es)’ blogaren irudia
Arratsaldeak aurrera egin ahala, beste irudi batzuk ere agertu ziren: serorak, elizak zaindu, eguneroko liturgia antolatu eta tenpluei eusten zietenak, sakristauak (gizonezkoak) etorri aurretik; eskualdeko herrietan zeuden emaginak; sendagile lanak egin zituzten emakumeak edo postariak, ofizialki kargu horiek senarren esku egon arren, lana emazteek egiten baitzuten zenbaitetan. Partaide batek Lantziegoko berri eman zuen: “Bazen sendagile bat, baina edatea gustatzen zitzaionez, erditzeetara joaten zena eta sendatzen zuena emaztea zen.” Horrelako kontakizunek, egunero gertatzen ziren gorabehera horiek, lanen genealogiaz hitz egitera eraman zituen, dokumentazio ofizialean nekez agertzen baitira.
Emakumeen sozializaziori lotutako guneak ere aipatu ziren topaketan: garbitokiak, ibaiak, galtzerdiak pasaratzen ziren kantoiak eta herriaren joan-etorria zaintzen zen tokiak. Ekorako garbitokia aipatu zen, Lantziegokoa, gaur egun biak desagertuak. Emakume batek esan zuen gogoan duela amonak ibaian izotza nola puskatu behar izaten zuen arropa garbitzeko: “Gaixoak!” Guardiako arratsaldeak ekarri zituen gogora beste batek: “Emakumeak galtzerdiak pasaratzera jaisten ziren... Bi kaleren kantoian jartzen ziren. Pasaratu, haurrak zaindu, ezer egin gabe igarotzen bazinen ederki begiratzen zizuten.” Toki haren toponimoa ere aipatu zuen norbaitek: “Andereñoen txokoa”, eta izen hori erabiltzen da oraindik ere herrian. Oroitzapen horietan garbitokia eta kalea trukerako tokiak zirela aipatu zen, belaunaldi arteko transmisiorakoa eta emakumeen presentzia mota bat bazela, publikoa izan arren, aitortzen ez zena.
Iekorako garbitokia, “Solar de Ibarlonja” webgunetik ateratako argazkia
Orduan naturaltasunez sortu zen zaintza-sareen eta emakumeen arteko elkartasunaren gaia. Haraneko eguneroko bizitza emakumeek elkar babesteari esker mantentzen zela ere aipatu zen, behar zenean aktibatu egiten baitziren eta familiei lagundu zailtasunak zituztenean. Zorretan uzten zela esan zen, ogiaren baleak ematen zirela eta paper puntetan idazten zirela zorrak; gaixo edo beharrean zeudenei laguntzeko sareak zeudela esan zen eta antolatu egiten zela komunitatea sendagilea zetorrenean laguntzeko edo jatekorik ez zuten familiei jaten emateko. Memoria demokratikoari lotuago zeuden historiak ere kontatu ziren; gerra ondoren ezkutuan egon ziren satorrak aipatu zituen norbaitek, horien biziraupenerako emakumeek izan zuten garrantzia: jaten ematen zieten, babestu egiten zituzten eta beharrezko diskrezioz ibili ziren urteetan zehar.
Topaketaren amaieran etorkizunaz hausnartu zen. Arabako Errioxako emakumeen memoria dokumentatzen jarraitzeko premia aipatu zuten, memoria horren berri eman dezaketenak desagertu aurretik: “Artxiboetan ez dago ia ezer... Adineko emakumeekin hitz egin eta hil aurretik haiek esandakoa entzutea beste biderik ez dago”. Tokiko aitzindariak identifikatzea ere garrantzitsua litzatekeela esan zuten (traktorea izan zuen lehenengo emakumea, lehenengo emakumezko sendagilea, lehenengo emakumezko arkitektoa, kooperatiba bat sortu zuen lehenengo emakumea...) izan ere, genealogia hori gabe nekez eraikiko dira erreferenteak datozen belaunaldientzat.
Topaketara eramandako irudia, II. Errepublikako ikasleak. Iturria
Topaketa amaitzeko mokadutxo bat egin zen, hizketan jarraitu zen eta batzuk ideiekin, zalantzekin edo oroitzapen gehiagorekin etorri ziren. Mahai gainean gelditu ziren telefonoak, fitxak, helbide elektronikoak eta antzinako argazkiak edo familiako agiriak igortzeko promesak. Partekatu izanaren sentsazioa zegoen: elkarrekin gogoratuz, zerbait mugitzen da; historia zabaldu egiten da, izenak agertzen dira lehen isiltasuna zegoen tokian eta Arabako Errioxako emakumeak (maistrak, jostunak, dendariak, serorak, emaginak, nekazariak, zaintzaileak) berriro ere lurraldean beti izan zuten tokian kokatzen dira.
Erlazionatutako edukia - Arabako Errioxako topaketa
Topaketa honi buruzko informazio gehiago
Categoriak
GAIAK
Topaketak egitean, hainbat gai interesgarri aurkitu ditugu:
Lanbideak, lanak eta funtzioak
Serorak/freilak Ugazabandreak Gatzgileak Mondongerak Emaginak Beztitzaileak Beztitzaileak Tratulariak Merkatariak Tabernariak Garbitzaileak Maistrak Iñudeak/hazamak Modistak Sendalariak Injekzioa jartzen zuten emakumeak Zaintzaileak Kargu politikoa Nekazariak/Abeltzainak Industriako langileak Neskameak ("zerbitzatzera joaten zirenak")
Ekonomia eta biziraupena
Familia-bizitzaren eguneroko antolaketa Trukea Estraperloa Fiatua Aisia eta denbora librea
Bizitza zaintzea eta mantentzea
Zainketak Hazkuntza Adinekoei arreta Bateragarritasuna / Kontziliazioa Osasun komunitarioa Jaiotza Igarotze-erritualak Landare eta jakintza sendagarrien erabilera
Hezkuntza eta balioak
Hezkuntza Eskola Balioak eta moraltasuna Erlijioa Sozializazioa
Gorputza, harreman afektiboak
Sexualitatea eta UgalketaHarreman afektiboak Gorputzaren kontrola
Boterea, desberdintasuna eta kontrola
Lanaren sexu-banaketa Sexu-segregazioa haurtzaroan Errepresio sexista Kontrol sozial eta erlijiosoa Jabetzea Garbiketa Isilaraztea Emakume aitzindariak
Kultura, memoria eta nortasuna
Historia Memoria kolektiboa Tradizioa Jaiak Migrazioa Sustraitzea /Finkatzea Tokiko nortasuna eta ondarea Aitorpena Ikusezin bihurtzea Familiaren memoria
Etiketa tenporalak
Historiaurrea Erdi Aroa Modernitatea II. Errepublika Gerra Zibila Gerraostea Frankismoa Demokrazia Gaurkotasuna
Espazioak
Etxea (Etxea) Baserria Eliza/Ermita Garbitegia Kalea/Plaza Zelaia Fabrika Denda Dantza
Sareak eta gizarte-antolaketa
Emakumeen sareak Komunitatea Elkartea Lagunak Familia Leinua