Laia - laia
Home laia eus

Zer da
Laia?
LAIA Arabako Lurralde Sarea da, emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako. Haren bitartez, bere eskolak, LAIAeskolak, ahalduntze feministako prozesuak bultzatzen ditu, emakumeen partaidetza sozio-politikoa indartzen duten tresnak eta dinamikak eskainiz. Aldi berean, gizarte osoarekin (emakumeak, gizonak eta beste identitate batzuk) lan egiten dugu ikuspegi feministatik eta giza eskubideen ikuspegitik, genero-desberdintasun guztiak ikusaraziz eta jorratuz.
Zure kuadrillan
Ezagutu zure kuadrillari buruzko informazio aipagarri guztia, beti egunean egoteko. Iragazi eremuka eta deskubritu zure eremuko ekitaldi eta artikulu garrantzitsuenak.
Encabezado agenda home eus
Hemen aurkituko duzu LAIAk Arabako kuadrilla guztietan antolatzen dituen tailer, prestakuntza, hitzaldi eta bestelako ekitaldi interesgarrien programazio osoa.
Eduki publikatzailea
Encabezado actualidad h
Gune honetan Araban eta kuadrilletan gertatzen denari buruzko albisteak, artikuluak, erreportajeak eta eduki esklusiboa aurkituko dituzu.
Eduki publikatzailea

Urriaren 17an, larunbatean, hainbat jatorri kulturaletako emakumeak eta herritarrak elkartuko dira Erdoñanan, esperientziak partekatzeko, elkarri entzuteko eta berdintasunaren aldeko sareak indartzeko.
Urriaren 17an, larunbatean, «Bakoitza mundu bat da» eskualdeko topaketa egingo da Donemiliagako Udaletxeko erabilera anitzeko aretoetan, Erdoñanan, 11:00etatik 15:00etara. Urtero antolatzen den jardunaldi honen helburua emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, emakumeen eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxista desagerrarazten laguntzea eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarbizitza indartzea da.
Aurten, topaketak berdintasunaren eta kulturartekotasunaren arteko harremana izango du ardatz. Gizarte gero eta anitzago batean, ezinbestekoa da jatorri eta ibilbide desberdinetako emakumeen esperientziak entzutea, haien ekarpenak aitortzea eta elkarrekin hausnartzeko espazioak sortzea.
Izan ere, aniztasun kulturala aberastasun-iturri izateaz gain, aukera bat ere bada aurreiritziak eta estereotipoak zalantzan jartzeko, elkarrengandik ikasteko eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko. Aldi berean, topaketak emakume migratzaile askok aurre egin behar dieten diskriminazioak, desberdinkeriak eta eskubideak gauzatzeko oztopoak ikusarazi nahi ditu.
Hiru begirada, esperientziak partekatzeko eta proposamenak eraikitzeko
Jardunaldiko une nagusietako bat «Berdintasuna eta kulturartekotasuna hainbat ikuspegitatik» izeneko elkarrizketa mahaia izango da. Bertan, Tania Cañas Siriany, Hajar Samadi eta Anita Hichaicoto arituko dira, bakoitzak bere ibilbidetik eta esperientziatik berdintasunaren inguruko hausnarketak partekatuz. Rosabel Argote izango da elkarrizketa mahaiaren moderatzailea.
Besteak beste, emakume migratzaileen errealitateak, migrazio-prozesuek dakartzaten erronkak eta lan-esparruan, bereziki etxeko lanetan eta zaintzetan, bizi dituzten desberdinkeriak jorratuko dira. Era berean, emakume guztien eskubideak bermatzeko eta bizitza duinak eraikitzeko proposamenak eta jardunbide egokiak partekatuko dira.
Elkarrizketa mahaiaren ondoren, parte-hartzaileek taldeka lan egiteko aukera izango dute, entzundakoaren inguruan hausnartzeko eta berdintasunaren eta kulturarteko elkarbizitzaren aldeko proposamenak lantzeko.
«Cero Potasio»: identitatea, gorputza eta bi munduren arteko bizipenak
Topaketari amaiera emateko, Andrea Aristondok «Cero Potasio» mikroantzerkia eskainiko du. Antzezlanak Gasteizen jaiotako eta zazpi urterekin Kanarietara bizitzera joandako emakume baten istorioa kontatzen du, bi lurralderen eta bi bizitzeko moduren artean nortasuna eraikitzeko prozesua ardatz hartuta.
Gorputzaren, mugimenduaren, dantzaren eta umorearen bidez, obrak identitateari, pertenentzia-sentimenduari, gorputzarekiko harremanari eta norberaren askatasunari buruz hausnartzera gonbidatzen du. Bi munduren artean norbere burua aurkitzeko bidaia, estereotipoak eta gorputzari ezarritako arauak zalantzan jartzen dituena.
Andrea Aristondo gizarte-langilea eta aktibista ere bada, eta hogei urte baino gehiagoko esperientzia du zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonekin lanean. Bere ibilbidean, esku-hartze soziala eta arte eszenikoak uztartu ditu, antzerkia giza eskubideen inguruan hausnartzeko eta sentsibilizatzeko tresna gisa erabiliz.
Jardunaldiaren egitaraua
- 11:00 – Ongietorri instituzionala eta jardunaldiaren aurkezpena.
- 11:15 – Elkarrizketa mahaia: «Berdintasuna eta kulturartekotasuna hainbat ikuspegitatik», Tania Cañas Siriany, Hajar Samadi eta Anita Hichaicotorekin. Moderatzailea: Rosabel Argote.
- 12:30 – Atsedena eta kafea.
- 13:00 – Talde-lana.
- 13:45 – Proposamenak bateratzea.
- 14:30 – «Cero Potasio» mikroantzerkia, Andrea Aristondoren eskutik.
- 14:45 – Jardunaldiaren amaiera.
Parte hartzeko informazioa
Topaketa herritar guztiei zuzenduta dago eta ele bitan egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz.
📅 Eguna: 2026ko urriaren 17a, larunbata.
🕚 Ordutegia: 11:00–15:00.
📍 Lekua: Donemiliagako Udaleko erabilera anitzeko aretoak, Erdoñana (Araba).
🗣️ Hizkuntza: Euskara eta gaztelania.
Parte-hartzea errazteko, zaintza-zerbitzua eta Arabako Lautadako herrietatik doako garraioa eskainiko dira, aldez aurretik eskatuta.
📩 Informazioa eta izen-emateak: arabakolautada.berdintasuna@ayto.araba.eus
📞 Telefonoa: 945 30 12 00
Topaketa Arabako Lautadako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Kontseiluak, Arabako Lautadako Kuadrillak eta Donemiliagako Udalak antolatzen dute, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Elkarri entzutea, esperientziak partekatzea eta sareak ehuntzea ezinbesteko urratsak dira gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta indarkeria matxistarik gabea eraikitzeko.

Urriaren 17an, larunbatean, Zambranak Añanako Kuadrillaren Berdintasunaren aldeko X. Topaketa hartuko du, LAIA sarearen barruan. Aurtengo hitzorduak emakumeen arteko sareen garrantzia jarriko du erdigunean, esperientziak partekatzeko, elkarri laguntzeko eta aliantza feministak sendotzeko espazioa izango da.
Añanako Kuadrillak eta Zambranako Udalak antolatuta, Berdintasunaren aldeko X. Topaketa urriaren 17an egingo da, 11:30etik aurrera, Zambranako Gizarte Etxean. Urteroko hitzordu honek eskualdeko emakumeak elkartzea du helburu, bizipenak eta jakintzak partekatzeko, egindako ibilbidea aitortzeko eta berdintasunaren aldeko elkarlana indartzeko.
Aurtengo edizioan, emakumeen arteko sareak, elkarrekiko zaintzak eta antolakuntza kolektiboa izango dira ardatz nagusiak. Ikuspegi feminista, komunitario eta intersekzionaletik, topaketak emakumeen arteko harremanek eta aliantzek duten indarra azpimarratuko du, bai eguneroko bizitzan, bai eraldaketa sozialerako prozesuetan.
Emakumeen esperientziak eta sareak erdigunean
Jardunaldia 11:30ean hasiko da, erakundeen ongietorriarekin. Ondoren, 12:00etan, Dora Gálvezek «Sare bat sentitzen da. Sareak osatzen dituzten emakumeen artean sortzen diren zainketak» hitzaldia eskainiko du. Bertan, emakumeen arteko laguntza-sareek eta zaintza-harremanek duten garrantzia izango du hizpide.
Jarraian, esperientzia partekatuen mahai-ingurua egingo da, Naiara López de Munainek dinamizatuta. Bertan, hiru emakumek beren ibilbideak eta esperientziak partekatuko dituzte:
- Elisabet Duran Moreno, AñanaFEMprende ekimeneko kidea.
- Ana Belén Hernández, emakume taldeekin izandako ibilbidea eta esperientziak partekatzeko.
- Marian Uriarte, Leukak proiektuko kidea.
Mahai-inguruaren bidez, emakumeen arteko sareek lurraldean duten garrantzia ikusarazi nahi da, baita elkarlanetik sortzen diren aukerak, ikaskuntzak eta indarguneak ere.
13:15ean, hausnarketarako eta iritziak trukatzeko tartea zabalduko da. Ondoren, jardunaldiaren ondorioak partekatuko dira, eta 13:45ean luntx batekin amaituko da topaketa.
Parte hartzeko gonbidapena
Topaketa herritarrei irekita dago, eta jarduera guztiak elebidunak izango dira.
Añanako emakumeentzat elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta eskualdean sare feministak ehuntzen jarraitzeko aukera izango da.
Informazio gehiago eta izen-emateak:
📍 Zambranako Gizarte Etxea
📅 Urriak 17, larunbata
🕦 11:30etik 14:30era
🗣️ Elebiduna (euskara eta gaztelania)
📧 igualdad@cuadrilladeanana.eus
📞 699 303 892
Garraio zerbitzua egongo da.

Urriaren 2an, Kanpezuko Kultur Etxeak «Gure prozesua ohoratzen» topaketa hartu zuen, Kanpezuko eta Maeztuko jatorri desberdinetako emakumeek azken urteotan elkarrekin egindako ibilbidea aitortu eta ospatzeko.
Jardunaldia 18:30ean hasi zen, eta 20 lagun inguru bildu ziren Kanpezuko Kultur Etxean. Topaketa Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Joana del Hoyo Fernándezek eta Hajar Samadik, gizarte-langileak, aktibistak eta Bidaya emakume musulmanen elkarteko presidenteak, aurkeztu zuten. Samadik funtsezko zeregina izan du azken urteotan Kanpezuko eta Maeztuko emakumeen arteko harremanak eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko prozesuan.
Topaketan, 2019az geroztik egindako ibilbidea gogoratu zuten. Urte hauetan guztietan, emakumeen arteko konfiantza, elkar ezagutza eta bizikidetza sustatzeko espazioak sortu dira, aniztasuna eta emakumeen parte-hartzea erdigunean jarriz.
Jardunaldiko unerik hunkigarrienetako bat Moviltikek, kultura berrikuntzarako elkarteak egindako ikus-entzunezko lanaren proiekzioa izan zen. Bideoan, emakume protagonistek beren bizipenak eta esperientziak partekatu zituzten. Bereziki esanguratsua izan zen prozesuaren bilakaera: lehen grabazio batean parte hartu nahi izan ez zuten emakume migratuetako batzuk oraingoan beren istorioak kontatzera animatu dira. Konfiantzan, ahalduntzean eta ikusgarritasunean emandako urrats garrantzitsua.
Jardunaldia mokadu baten inguruan amaitu zen, elkarrizketarako eta elkarrekin ospatzeko tartea eskainiz.
LAIA Arabatik, urte hauetan guztietan sareak ehuntzen eta bizikidetza eraikitzen aritu diren emakumeen lana eta konpromisoa nabarmendu nahi ditugu.

Urriaren 2an, Kanpezuko Kultur Etxeak “Gure prozesua ohoratuz” jardunaldia hartuko du, Arabako Mendialdeko jatorri eta ibilbide desberdinetako emakumeek 2019tik elkarrekin egindako bidea aitortu, ikusarazi eta ospatzeko topaketa.
Prozesua 2018-2019 inguruan hasi zen, Kanpezun eta Maeztun bizi ziren jatorri desberdinetako emakumeek elkar ezagutzeko, harremanak sortzeko eta herriko bizitzan parte hartzeko espazio baten beharra antzeman zenean. Izan ere, emakume migratu asko lurraldean bizi baziren ere, hizkuntza- eta kultura-oztopoek eta bestelako baldintzek zaildu egiten zuten komunitateko espazioetan parte hartzea.
Behar horretatik abiatuta, Arabako Foru Aldundiak eta LAIAk bultzatutako esku-hartze prozesu bat jarri zen martxan, Bidaya emakume musulmanen elkartearen eta beste gizarte-eragile batzuen laguntzarekin. Lehenengo urratsa elkar ezagutzea, konfiantza sortzea eta emakumeen beharrak eta bizipenak entzutea izan zen, hortik abiatuta jarduerak eta topaguneak elkarrekin eraikitzeko.
Prozesu horren lehen emaitza garrantzitsuenetako bat Arabako emakume magrebtar bizilagunei buruzko estereotipoei heltzeko eta zurrumurruen aurkako ekintzan genero-ikuspegia txertatzeko oinarrizko gida izan zen. Kanpezuko eta Maeztuko emakume taldearen lanetik sortutako tresna horrek egunerokoan emakume magrebtarrei eragiten dieten zurrumurru eta estereotipoetako asko identifikatzeko eta lantzeko aukera eman zuen.
Urtez urte, prozesuak jarraipena izan du, eta gaur egun jatorri eta ibilbide desberdinetako emakumeen arteko topagune bihurtu da. Bertan, besteak beste, bizikidetza, harrera, feminismoak, arrazakeriaren aurkako lanketa, kulturarteko bizipenak eta berdintasuna lantzen dira, betiere emakumeen esperientzia eta interesetatik abiatuta.
2026an zehar, gainera, Ramadanean emakumeek dituzten bizipenen, feminismoen eta Martxoaren 8aren inguruko topagune kolektiboak sortu dira. Aldi berean, Moviltik elkartearekin batera, kontakizun pertsonal eta kolektiboak jasotzeko lana egin da, emakumeak eurak izan daitezen beren ibilbideei, bizipenei eta lurraldearekiko harremanari buruz zer eta nola kontatu erabakitzen dutenak.
Urriaren 2an, prozesua herritarrekin partekatzeko unea
Orain, egindako bide hori aitortu eta Mendialdeko herritarrekin partekatzeko unea iritsi da.
“Gure prozesua ohoratuz” jardunaldia urriaren 2an egingo da, 18:30ean, Santikurutze Kanpezuko Kultur Etxean. Emakumeen arteko aitortza, topaketa eta ospakizun ekitaldia izango da.
Jardunaldian, parte hartu duten emakumeekin batera egindako ibilbidea aurkeztuko da eta Moviltik-ek egindako ikus-entzunezko lana proiektatuko da, protagonisten esperientziak eta istorioak haien ahotsetatik ezagutzeko. Amaitzeko, musikaz lagundutako mokadutxo eta solasaldi bat egingo da, elkarrekin ospatzeko.
Topaketaren helburua urte hauetan guztietan parte hartu duten emakumeak eta egindako bidea aitortzea da, elkarrekin eraikitakoa ikusaraztea eta prozesua Mendialdeko gainerako herritarrei zabaltzea, lurraldean kulturarteko topaketarako eta harremanetarako espazioak indartzen jarraitzeko.
- Urriak 2
- 18:30
- Santikurutze Kanpezuko Kultur Etxea
Haurtzaindegi zerbitzua behar izanez gero, aldez aurretik eskatu behar da:
mendialdea.mixtura@araba.eus / 622 555 265




