Arabako emakumeen aztarna historikoak - laia
Emakumeen memoria historikoa
ARABAKO EMAKUMEEN AZTARNAK HISTORIAN
BAT AZKENA
1. AZTARNA
Emakume ehiztari biltzaileak Paleolitikotik Neolitikorako trantsizioan
Kuadrilla: Trebiñu | Garaia: Paleolitikotik Neolitikorako trantsizioa | Gaia: Arkeologia eta
desberdinkeriaren jatorria
Atxosteko aterpea Birgaragoienen dago, gune arkeologiko berezia da eta 10.000 urteko aldia hartzen du, Paleolitikoaren amaieratik Neolitikora artekoa. Lehenengo gizataldeak glaziazioaren amaieran iritsi ziren, Goi Paleolitikoan edo Madeleine aldian. Gizarte nomada horiek Atxosteko aterpea babesteko erabiltzen zuten, joanean zihoazela egonaldiren bat egiteko, eta ehizatzeko ere bai, oso toki ona baitzen oreinak, orkatzak, uroak, basurdeak, ahuntzak, sarrioak, azeriak, katamotzak eta otsoak ehizatzeko. Inguruko basoetan haritzak, hurritzak, ezkiak, zumarrak, sahatsak, haginak eta pagoak zeuden, eta sutarako egurra, tresnak egiteko zura eta aleak, masustak eta fruitu lehorrak zituzten. Glaziazioaren amaieran areagotu egin zen gizakien presentzia Atxosteko aterpean, azken gizarte ehiztari-biltzaileen garaia zen, gutxi gorabehera Kristo aurreko 7.500 urtean hasi eta 4.300 arte.
Data horretatik aurrera hasi ziren Neolitikoaren lehen arrastoak, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren lehen aztarnak. Silexa lehengai oso garrantzitsua zen gizarte horientzat, arroka hori erabiltzen baitzuten tresnak, armak eta bestelakoak egiteko. Baina haranean silexik ez zegoenez, hainbat kilometro egin behar izaten zituzten lortzeko. Silexa lortzeko gune nagusienetako bat Pozarrateko (Trebiñu) historiaurreko harrobia zen, eta iberiar penintsulako harrobi antzinakoena dela uste da, harrobi honen datazio absolutua 5.700 eta 6.000 urte artekoa baita. Beraz, gizonezkoek nahiz emakumeek hainbat kilometro egingo zituzten Trebiñuko harrobira material horren bila.
Talde ehiztari-biltzaileak berdintasun handiagokoak ziren, zuten egitura sozial eta ekonomikoaren ondorioz. Etengabeko mugikortasuna eta bizirauteko lankidetzan aritzeko beharra zirela eta, baliabideen eta boterearen banaketa berdinagoa zen. Baina Paleolitikoko gizarte nomada ehiztari-biltzailea Neolitikora igaro zenean ekoizpena pilatzen eta soberakinak izaten hasi zen eta horrela agertu ziren gizarteko desberdinkeriak.
Gainera, ezinbestekoa da emakumeek historiaurrean izan zuten egitekoa azpimarratzea, askotan ez baitira aintzat hartu historialarien pertzepzio androzentistaren ondorioz. XIX. mendean egindako espedizio arkeologiko handietako buru gizonezkoak izan ziren nagusiki; ehizan, gerran eta merkataritzan oinarritutako kontakizun historikoak egin zituzten eta kanpoan utzi zituzten emakumeak, baita emakumeek bizirauteko eta gizarte kohesiorako egindako ezinbesteko ekarpenak ere.
Baina feminismoa arkeologiara iritsi zenean aldatu egin zen ikuspegi hori. Emakumezko arkeologo eta historialari feministen ikerketek erakutsi dutenez, emakumeak ere aritzen ziren ehizan. Eta orain arte bigarren mailan zeuden beste jarduera batzuei balioa eman diete, hala nola bilketari edo elikagaiei eta zaintzari.
Deskarga gunea
BI
2. AZTARNA
Emakumeak Alaitzako erditze-errituetan
Kuadrilla: Lautada | Garaia: Goi Erdi Aroa. XII. eta XIII. mendeak | Gaia: Erditzearen garrantzia
Erdi Aroko euskal gizartearen ezaugarria gizarte-harreman feudalak ziren. Tokian indar handia zuen noblezia txiki bat zegoen eta errentetatik eta hiriguneetako merkataritza-jardueretatik lortzen zituen baliabide ekonomikoak. Landa eremuan nobleziarekin batera bizi ziren nekazariak; lantzen zituzten lurren jabeak izaten ziren gehienetan, baina nobleziaren boterearen mende egoten ziren.
Hierarkia hori kontuan izanda, errege-erreginen ondoren mailarik gorenenean nobleziako damak zeuden; dama horiek arduratzen ziren leinua, etxea eta familiako ondarea kudeatzeaz, eremu publikoan presentzia nabarmena zuten, batez ere nekazaritzako jabegoetan neskame-morroiak zuzentzerakoan, eta eremu erlijiosoan ere bai.
Nobleziaren etxeetan gizonezkoek eta emakumeek egiteko desberdinak zituzten, eta seguru asko genero-rolak urratuko ziren arren, garai hartako ikonografian genero-rolak sozialki bereizita islatzen ziren. Hori dela eta, artearen historiak garai hartako genero-eraikuntza ulertzen laguntzen digu eliza erromanikoetara joanda, feminitatearen eta maskulinitatearen idealak adierazten baitziren eliza horietan.
Dama nobleen egitekoa Erdi Aroko Araban
Isabel Mellének esaten digun bezala, damak jakintsuak zirela uste zen eta gatazketan bitartekari lanak egiten zituzten; beraz, entzuten, epaitzen eta erabakitzen jakin behar zuten eta damek hartutako erabakiak onartu egiten zituzten gatazkako aldeek. Damen egiteko bakegile horren aztarna batzuk Arabako eliza erromanikoetako margolanetan ditugu.
Dama horiek, erreginaren (dametan lehenengoa) ereduari jarraituz, leinuarekin eta familiako etxearekin zerikusia zuen oro kudeatzen zuten, alderdi ekonomikoak, administratiboak, politikoak eta erlijiosoak barne (jaurerriko gaiak, jabetzak eta familia). Erantzukizuna hazi egiten zen alarguntzen zirenean, eta ohikoa zen damak alarguntzea, senarrak gerran hiltzen baitziren askotan. Jaurerri handietan egiazko instituzioak ziren etxeak: neskameak, morroiak eta damentzat lan egiten zuten langileak izaten ziren, baita eliza pribatuez arduratzen ziren apaizak ere. Botere formalaz gain, emakume horiek funtsezko botere informala zuten, familiako sareak eta bezeroenak kontrolatzen eta mantentzen zituzten, sare horiek baitziren leinuaren boterearen muinak.
Josten eta brodatzen ere ordu asko egiten zuten, jarduera horiek prestigioa baitzuten garai hartan. Joskintza lan horien bidez andere handien lanak irakasten zitzaizkien damei: batez ere enkargatu behar zituzten lanak diseinatzeko eta zuzentzeko gaitasuna lantzen zuten eta mezuaz ere arduratzen ziren, damek presentzia handia baitzuten elizetako eta erlijio-tenpluetako merkatuetan. Damak arduratzen ziren tenpluen eta beste gune batzuen diseinua, eraikuntza eta aurrekontua zuzentzeaz eta familiaren leinua sustatzeko mezuak hedatzeko aprobetxatzen zuten, horri esker familiaren estatusa eta boterea edo prestigioa mantentzen baitziren.
Begirada feminista Erdi Aroko adierazpen artistikoei
Elizgizonen testuetan emakumeen sexualitatea aipatzen denean haragizko bekatua eta galbidea aipatu izan dira eta testu horiek erabili dira Arabako eliza eta ermita erromanikoetan oraindik ere ikus daitezkeen hainbat irudi interpretatzeko. Genitalak ageri diren kapitelak, emakumeak erditzen, gorputz biluziak eta genitalak erakusten dituzten pertsonak... gaur egungo begiekin begiratu eta emakumeen haragizko bekatuaz eta galzoriaz ari zaizkigula uste dugu.
Baina Isabel Mellének, kontuan izanda dama nobleak zirela tenpluak eraikitzeaz eta tenpluetako margolan eta eskulturez arduratzen zirenak, eta ikusita dama horiek karga sexual handiko jarreretan ageri direla askotan, bere buruari galdetu zion zergatik ageri diren organo genitalak eta jarrera exhibizionistak eliza erromanikoetan; atzera-pausu bat eman eta Ilustraziotik datorkizun ikuspegi zientifiko misoginorik gabeko metodologia interpretatiboa erabili du.
Ikuspegi horren arabera, Mellének dio Erdi Aroan sexua egunerokotasuneko kontu bat zela (gaur egun baino askoz modu naturalizatuagoan), eta adierazpen horiek ez zutela esanahi negatiborik, baizik eta positiboak zirela. Ondorengoak izatearen erantzukizuna emakumeena zen eta jaiotzak prestigiozko elementuak ziren emakume gisa zuten genero-rolean. Erditzeak arriskutsuak izaten ziren, emakumeen biziraupena arriskuan egoten zen, ama zein haurra hiltzeko arriskua baitzegoen, beraz, erditzen ari ziren emakumeek toki garrantzitsua zuten: erditzea zen emakume horien balentria, gizonena gerrara joatea zen bezala.
Alaitzako elizako margolanetan emakumeak ageri dira erditzen eta erditutako emakumeari eskaintzak egiten; ugalkortasuna kezka nagusia zela adierazten dute margolan horiek. Historia feministak agerian utzi du emakume nobleen erditzeen balioaren berri ematen digutela margolan horiek eta Erdi Aroko gizartean prestigiozko tokian zeudela.
Deskarga gunea
HIRU
3. AZTARNA
Euskal serorak, freilak eta beatak
Kuadrilla: Arabako Mendialdea | Garaia: Behe Erdi Aroa - Aro Modernoa. XIV.
eta XVII. mendeak | Gaia: Emakumeen boterea
erlijio-esparruan
Emakumeak hierarkia eklesiastikotik kanpo egon dira tradizionalki, baina Euskal Herrian bazen elizako lanei lotutako figura berezi bat: serora. Serorak (freilak, beatak eta sakristauak ere esaten zitzaien) egiteko berezia zuten emakumeak ziren Erdi Aroan eta Aro Modernoan. Laikoaren eta erlijioaren arteko esparruan bizi ziren eta egoera sozio-ekonomiko berezia zutenez, beren ondasunak erabil zitzaketen.
Emakume horiek ziren elizak edo baselizak mantentzearen arduradunak: kanpaiak jotzen zituzten, tenpluko kontuak eramaten zituzten, dohaintzak administratzen zituzten eta erritu batzuk zuzentzen zituzten, hala nola lurperatzeak, hiletak eta prozesioak. Erretoreak eta gotzainak izendatzen zituen ekitaldi publiko batean eta ezkongabeak edo alargunak izan behar ziren. Izendatzen zituztenetik elizatik gertu zegoen etxe batean bizitzen ziren eta gehienetan bakarrik egoten ziren postuan, nahiz eta badiren komunitate txikietan bizi ziren seroren erregistroak ere, jasotako limosnei esker bizi zirenak eta produktu manufakturatuak saltzetik bizi zirenen erregistroak ere badira.
Seroren egitekoen adibideetako bat San Pedroren baselizan dugu, Bernedo eta Lagran arteko mugan dago baseliza hau eta 1342ko urriaren 23an erabaki zen bi freila (bata gaztelarra, Lagranekoa eta bestea nafarra, Bernedokoa) arduratuko zirela tenplua zaintzeaz, Nafarroa eta Gaztelako erresumen arteko muga baitzen.
Garai hartan Bernedo Nafarroako erreinuan eta Lagran Gaztelakoan zeudelako sortu zen arazoa. Horrek “nazioarteko krisia” sortu zuen baselizaren kudeaketaren ondorioz, eta bi serora egotea erabaki zen: bat, Bernedokoa eta bestea, Lagrangoa, udalerri baten edo bestearen alde ez egiteko. Serorek, beraz, egiteko politikoa ere izan zuten, bi erreinuen ordezkariak baitziren eta gatazka konpontzeko ados jarri behar ziren. Argi dago, beraz, lanbidea oso antzinakoa dela eta emakume horiek gizartearen aitortza ez ezik, aitortza politikoa ere izan zutela.
Behe Erdi Aroan botere eta askatasun handiagoa zuten serorek, baina Trentoko Kontzilioaren eta XVI. mendeko Kontrarreformaren ondoren ideologia misoginoa ezarri zen Eliza Katolikoan, Elizako hierarkiak kontrol handiagoa egiten zuen eta emakumeak baztertu egin zituzten: tenpluak zaindu eta garbitzera mugatu ziren. Are gehiago, 1769ko Errege Dekretuaren bidez Gaztelako koroak serorak kentzeko agindua eman zuen.
Errege Dekretu hura Arandako kondeak (Karlos IV.aren Espainietako erregearen estatu idazkariak) sinatu zuen eta serorak bizi ziren tenpluetatik kanporatzeko agindu zuen.
Ondorioz, modernitatean zehar hainbat gatazka izan ziren seroren eta inguruko fraileen artean, tenplu erlijiosoen kontrolagatik. Ondorioz, serorek autonomia eta gaitasuna galdu zuten, nahiz eta serorak gaur egunera arte iritsi, oso murriztuta. Arabako zenbait eliza eta baseliza gaur egun ere emakumeek mantentzen eta zaintzen dituzte.
Deskarga gunea
LAU
4. AZTARNA
Petrikilo eta emagin leinua Aramaion
Kuadrilla: Gorbeialdea | Garaia: Aro Modernoa eta Garaikidea | Gaia: Osasunaren kudeaketan eta
zaintzan emakumeek izandako egitekoa berreskuratzea
Garrantzitsua da osasunaren kudeaketan eta zaintzan emakumeek historian zehar izandako egitekoa berreskuratzea. Erdi Aroan emakume sendalari ugari zegoen, praktikaren bidez lortutako ezagutza zuten emakume jakintsuak ziren eta ahoz igortzen zen ezagutza hori belaunaldi batetik bestera. Gaixo zeudenei tratamenduak ematearen arduradunak ziren eta horretarako sendabelarrak eta etxeko erremedioak erabiltzen zituzten.
XIII. mendean medikuntza finkatzen hasi zen Europan zientzia laiko gisa eta lanbide gisa ere bai. Eta emakume batzuek beren medikuntzako tratatuak irakurtzen eta idazten zituzten arren beren teoriekin eta praktikekin, erakunde medikoetatik emakume horien aurkako kanpaina aktiboa hasi zen, dela prestakuntza zuten emakumezko medikoen aurka dela herri-sendalarien aurka. Zenbait eratara baztertu ziren emakume sendalariak: unibertsitatean sartzea galarazi zitzaien, emakume horien ezagutzak ikusezin bihurtu ziren edo kendu egin zizkieten, prozesu judizialen bidez menderatu ziren eta emakume horiei buruzko estigmak zabaldu ziren.
Dena dela, ezin zuten galarazi emakume horiek beren lana egiten jarraitzea, batez ere, sendatzeko beharra asetzeko adina mediku ez zegoelako, are gutxiago hirigune eta botere-guneetatik urrundutako tokietan.
Emagintza izan da emakumeen azken gotorlekua herri-osasunaren kudeaketan. Herrietako emaginak emakume ezkonduak izaten ziren, adin handiagoko emaginetatik ikasitakoak. Mendeetan zehar familiako emakumeek laguntzen zuten erditzeetan, eta bestelako aditu batzuk ere joaten ziren erditzea ona izateko beren jakituriaz laguntzera. Egiazko espezialistak ziren, behar bezala artatzen zituzten erditzen ari ziren emakumeak eta mina kentzen zieten, bizitza sexualerako aholkuak ematen zizkieten edo abortatzeko teknikak ere erabiltzen zituzten zenbaitetan. Ezagutzak eta esperientziak belaunaldiz belaunaldi igarotzen ziren.
XVIII. mendean lehenengo zirujau-bizarginak agertu zirenean, erditzeetara joaten hasi ziren, batez ere hirietan. Kirurgia galarazita zuten emakumeek, izan ere, agindu ofizialen arabera kirurgiarako tresna eta azterketa jakin batzuk behar ziren eta emakumeak horietatik kanpo zeuden. Ondorioz, emakume hauek landa inguruetara mugatu ziren edo gizonezko mediku edo zirujauen laguntzaileak ziren, gizonek jarduteko baimen ofiziala zutelako.
XIX. mendean osasun orokorreko erizainak eta emagin espezializatuak agertu ziren; hau da, emakumeen osasun sexuala artatzen zutenak, erditzeetan laguntzen zutenak eta jarraipena egiten zietenak. Emagin hauek ikasketa arautuak egindakoak ziren eta medikuen zerbitzura aritzen ziren beharrezkoa zenean. Horren ondorioz, ikasketarik gabeko emaginak desagertuz joan ziren, emakume txiroak izaten baitziren, ikasketak ordaindu ezin zituztenak, ikasketetara sarbiderik ez zutenak.
Emaginen lanbidea zen soilik emakumeak zeuden bakarrenetakoa. Gainera, beren Elkargo profesionala zuten, eta horrek nolabaiteko prestigioa eta independentzia soziala ematen zien. XX. mendeko 30eko hamarkada amaieran soilik emakumez eratutako ikasketa maila handieneko taldea zen. Ongi prestatutako eta antolatutako emakumeak ziren, eta askotan emakumeen berdintasunaren defendatzaileak. II. Errepublikan intelektualki aktiboak izan ziren emaginak, eta emakumeentzako garrantzi handia zuen gai batez arduratzen ziren: sexu- eta ugalketa-osasunaz. Erregimen frankistarekin emaginek emakumeengan zuten eragina “arriskutsua izan zitekeen jendearen moraltasunerako” esan zen, mehatxua Espainia patriarkal eta esaneko berriarentzat, non emakumeak amak eta etxeko aingeruak izan behar ziren. Hori zela eta, jazarritako kolektiboetako bat emaginena izan zen, maistrak bezala, eta Erregimenari leial ez zirela uste zen emagin asko espetxeratu egin ziren edo lanbidetik kendu ziren.
Petrikilo eta emagin leinua Aramaion
Aramaion (Araba) osatzen eta emagin lanean aritu zen emakumeen leinu bat aipatu beharra dago. Maria Trojaola Azpeitiari (1881-1953) ‘Petrikilo, kurandera’ esaten zioten. Amak erakutsi zion, Oñatiko ospitalean erizaina izan baitzen. Maria oso trebea zen hezurretako minak sendatzen eta herritik kanpoko jende asko joaten zitzaion Mariak berak prestatzen zituen erremedioen eta sendagaien bila. Etxea jendez beteta egoten zen beti, familiak esan duenez. Rosali alabak amagandik asko ikasi zuen eta gero herriko emagina izan zen.
Rosalía Ormaetxea Trojaola 1938ko maiatzaren 2an hasi zen herriko emagin lanetan; pezetaren sei ehuneko soldata zuen eta sei hilean behin kobratzen zuen. Ama Mariak oso gaizki pasa zuen araututako prestakuntzarik eta titulurik ez zuelako eta horregatik nahi izan zuen alabak unibertsitatean ikastea. Rosalíak emagin eta erizain titulu ofiziala atera zituen Valladolideko Unibertsitatean, Errepublika garaian, 1934ko abenduan.
Emakume askoren zoritxarrerako lana utzi egin behar izan zuen 1937ko martxoan, erregimen frankista Aramaion finkatu zenean. 1940an itzuli zen herrira eta berriro ere lanean hasi zen, ofizialki ez hasi arren, frankismoak emaginak galarazi egin baitzituen. Borroka askoren ondoren 1949ko azaroaren 30ean ofizialki izendatu zuten Rosalía Aramaioko praktikante, etxez etxeko laguntza publikokoa.
Deskarga gunea
BOST
5.AZTARNA
Maistra errepublikarrak Araban
Kuadrilla: Guardia | Garaia: Bigarren Errepublika, 1931-1936. Aro
garaikidea | Gaia: Bastidako maistra errepublikarren heziketa eraldatzailea eta erregimen frankistan jasandako errepresioa
II. Errepublikak (1931-1936) herrialdea modernizatu eta demokratizatu nahi zuen eta hezkuntza zen prozesu horren oinarrizko zutabeetako bat. Aldi labur baino trinko horretan erreforma oso garrantzitsuak egin ziren eta Arabako gizartean eragin luzea izan zuten. Hezkuntzaren arloan eraldaketa horiek irakaskuntzaren kalitatea haztera, eskola-sarea zabaltzera eta irakasle kopurua gehitzera bideratzeaz gain, hezkuntzara denek sarbide berdina izatera eta berdintasuna eta laizismoa bezalako balioak sustatzera ere bideratu ziren.
EINen datuen arabera, 1930ean Araba zen Espainian alfabetizazio-tasa handiena zuen probintzia. 1932an, Errepublika garaian, Arabako Aldundiak 145 ikasgela eraikitzeko plana diseinatu zuen. Urte horretan Araban 440 eskola zeuden 100.000 biztanle baino apur bat gehiagoko biztanleriarentzat eta gela bakoitzean hogeita sei ikasle (neska eta mutil) egoten ziren batez beste.
Bastidako eskola izan zen garai hartako hezkuntza-eredu berriaren adibideetako bat, eta nabarmendu egin zen landa ezagutu, landu eta zaintzeko jarduerak sortu eta garatzen, ariketa praktikoekin. Egindako lana aitortzeko, Ministerioek Euskal Herrian diruz lagundu zuen mota horretako proiektu bakarra izan zen.
Baina 1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zen eta diktadura frankistak laster ulertu zuen epe luzeko helburuak lortzeko ezinbestekoa zela Errepublika garatzen hasi zen eskola progresistaren eredua kentzea.
1936ko azaroan eratu zuten Arabako Probintziako Batzorde Arazlea maistra guztiak Erregimenari leial zirela ziurtatzeko. Batzorde horrek galdetegi bat betetzeko agintzen zien erretoreari, Guardi Zibilari, alkateari eta udalerri bakoitzeko familiako aita ‘ohoragarriren’ bati; 22 galdera zituen galdetegiak eta maistra bakoitzari buruz bete behar zen. “Parte hartze aktiboa izan du ezkerreko politiketan edo politika separatistetan?, Gutxienez urtean behin joaten zen Jauna hartzera?, Espainiarekiko maitasunaren aurkako zerbait irakasten zuen?, Zer adiskide zituen?” ziren galderetako batzuk maistrak erregimen politiko berriari leial ote ziren jakiteko eta Pilar Primo de Riverak zuzentzen zuen Atal Femeninoko jarraibideen arabera emakume zintzoaren eredura egokitzen ote ziren ikusteko.
Maistrak zorrotz zaintzen zituzten balio frankisten arabera maistra izateko gaitasuna ote zuten ikusteko; arazteko prozesuetan kargu moralak inputatzen zitzaizkien eta bereziki nabarmentzen ziren maistren jokabide sexuala eta afektiboa.
Purgak egiteko prozesu horretan Bastidako maistrekin gertatuaren berri dugu, José Fidel Ortiz de Anda gasteiztar maisua fusilatu eta gutxira; Ortiz de Andak hezkuntzaren bidez eraldatzeko lan handia egin baitzuen urte haietan Bastidako eskolan zuzendari zela.
María Grijalbo López, Pilar Olloqui Díaz, Francisca Martín Maqueda eta Fidela Sierra Amurrio, denak eskola bereko maistrak ziren eta une hartan autoritatetzat hartuta zeuden gizonezkoen balorazioak jasan behar izan zituzten: Elizaren ordezkarienak, estatuaren ordezkarienak, familiaren ordezkarienak eta eskudun agintarienak.
Maistra horiek guztiek informatzaileen onarpena izan zuten. Galdekatutako gizonek “Ona”, “Oso ona”, “Adiskide ohoragarriak” eta “Serioak eta formalak” balorazioak eman zizkieten eta maistra izaten jarraitzeko egokiak zirela bermatu zuten.
Erregimen frankistaren autoritate patriarkalaren mende egon arren, gure protagonistek maistra izaten jarraitu ahal izan zuten, baina denek ez zuten zorte hori izan. Araban 100 maisu maistrak izan zuten zigorren bat eta guztira 560 espediente egin ziren. 62 maisu-maistrak ezkerreko jarduera edo alderdietan parte hartzearen salaketa jaso zuen, 27k euskal abertzaletasunaren militar izatearena eta 11k beste kasu partikular batzuk.
Deskarga gunea
SEI
6. AZTARNA
Laudioko industrializazioprozesuko langileak
Kuadrilla: Aiara | Garaia: Gerra ondorena eta frankismoa
(1939-1975) | Gaia: Emakumeen lanaren araupetzea frankismoan eta feminitate eredua
1950eko eta, batez ere, 1960ko hamarkadan Espainiako estatuak bizitako garapen ekonomikoak lurraldea eraldatu zuen; nekazaritza gizartea desartikulatu eta industria eta zerbitzuak hedatu ziren; ondorioz, herrialdea modernizatu egin zen eta migrazio-fluxu handiak sortu ziren garapena zegoen guneetara eta hirigune nagusietara.
Familia askok (migratzaileen %50 emakumeak ziren) industria garatuago zegoen tokietara emigratu zuten lanerako aukera hobeak izateko, nekazaritzatik at. Urte horietan Araban industria oso garatu zen eta biztanleriak gora egin zuen; barneko produktu gehien jaso zuen Estatuko probintzia izan zen. Gasteizen zeuden enpresarik gehien eta biztanleria handiena zuen, jarraian Laudio eta Amurrio zeuden, industrializatutako bigarren gunea hori izan baitzen. Biztanleria biderkatu egin zen urte horietan eta populazioaren zati handi bat nekazaritza eta abeltzaintza utzi eta industrian hasi zen. Zehatz esateko, Laudio 1950. urtean 3.894 biztanle izatetik, 1960. urtean 7.239 biztanle izatera eta 1970.ean 15.587 izatera igaro zen.
Toki guztietatik etortzen zen jendea, dela gertuko herrietatik dela urrutikoetatik, Jaendik esaterako, eta gune industrializatuak hazteaz gain, landa inguruak pixkanaka utzi egin ziren. Horren adibide da Rafaela Garrido Mas, Aldeaquemadatik (Jaen) Laudiora 1955ean etorria. Laudiora emigratu zuen lehenengo familietako izan zen, gero beste askoz gehiago etorri ziren. Rafaelaren arabera, Aldeaquemadako jende gehiago bizi da Laudion, Aldeaquemadan bertan
baino. Aitarekin etorri zen, anaia nagusiak lana zegoela konbentzitu zituen eta. Envases eta Maderas de Llodio lantegietan aritu zen lanean ezkondu zen arte.
Baina emakume guztiek ez zuten lana aurkitzen lantegietan, eta horiek egoera zaurgarrian egoteaz gain, sustrairik gabe sentitzen ziren eta egokitzeko zailtasun gehiago zuten.
Lantegietan lana egitea lortzen zutenek baldintza gogorrak zituzten eta soldata txarra; era berean, garai hartako lan-merkatuaren dinamikek baldintzatzen zituzten, eta dinamika horiek oso patriarkalak ziren.
Estatu frankistaren politiken arabera gizonak “ogia irabazten” zuen eta emakumea “etxeko
andrea” zen. Hasieran legez galarazita zegoen ezkondutako emakumeek etxetik kanpo lanean jarraitzea eta muga formalak kendu zituztenean, oso zigortuta jarraitu zuten moralki. Gizartearen agindu horren ondorioz ezkutuko ekonomiara jo behar zuten diru-sarrera irregularrak lortzeko, lantegietatik etxeetara eramaten zuten lana edo beste mota bateko lanak egiten zituzten (brodatuak, esaterako) edo etxeko lanekin uztartu zitzaketen lanak egiten zituzten.
‘Ezkondu ondorengo derrigortutako eszedentzia’ hura zela eta, emakumeak kaleratu egiten zituzten ezkondutakoan eta ‘dote’ izeneko ordain ekonomikoa ematen zitzaien. Horren ondorioz, emakumeek ezin zuten ibilbide profesionalik egin, independentzia ekonomikoa mugatuta zuten eta erretirorik ere ez zuten, ondorioz, senarren mende zeuden betirako. Emakumeek bizitza publikoan eta politikoan ere ezin zuten parte hartu, ikusezin bihurtu ziren eta gizartean erabakitzeko tokietatik kanpo geratu ziren.
Politika frankista horiek mendekotasun zikloa eragin zuten eta oso markatu zituen garai hartako emakumeak, etxeko eta zaintza lanetara mugatu baitziren profesionalki garatzeko aukerarik gabe. Gainera, emakume horietako asko garai hartako ondorio ekonomikoak eta sozialak jasaten ari dira zahartzaroan.
Deskarga gunea
ZAZPI
7. AZTARNA
Añanako Gatz Haraneko emakume gatzgileen ahizpatasuna
Añanako Gatz Harana da Europako gatz-aztarnategi zaharrenetakoa, 7.000 urte baino gehiagoko historia baitu eta emakume gatzgileak ezinbestekoak izan dira tradizio horrek belaunaldiz belaunaldi irauteko. Historiaurrean gatzagak oso desberdinak ziren, ez zuten egungoen antzik. Gatza ekoizteko, iturrietako gesala ez zen eguzkia eta haizearekin lurruntzen uzten (prozesu naturala), orain hala egiten den arren, baizik eta lehenago lurruntzeko sua eta erretzen ziren materialak erabiltzen ziren (bizkortu egiten zuten prozesua). Gatzaren Haranean lurruntzeko sistema hori (bizkortzetik naturalera) Kristo aurreko I. mende inguruan aldatu zen, (duela bi mila urte gutxi gorabehera).
Gatza ezinbestekoa zen eta da hainbat prozesu industrialetan eta gizakien eta animalien elikaduran, eta are gehiago hotz industriala garatu aurretik, elikagaiak ongi mantentzeko metodorik eraginkorrenetakoa baitzen gatzetan ipintzea. Gatzari “urre zuria” esan zaio antzinatetik.
Añanako Gatz Haraneko emakume gatzgileen lana jarduera ekonomiko bat baino askoz gehiago izan da. Bizimodu bat izan da, historiarekin lotura bat eta etorkizunarekin konpromisoa.
XIX. mendeaz geroztik emakumeak izan dira lan horren protagonistak larrainetan, familietan gatzaren lana eta beste batzuk uztartzen baitziren, nekazaritza eta abeltzaintza esaterako, eta emakumeak arduratzen ziren haranaz egunean zehar, gizonak landan edo ganaduarekin lanean ziren bitartean.
XX. mendearen hasieran krisia etorri zen gatzagetara eta beherakada hasi zen, gatza ez delako errentagarria. Mende horren amaieran familia askok harana utzi zuten eta emakumeak izan ziren gatza landu zuten azkenak. Emakumeek gizonek adina eskubide izan ez duten arren jabe izateko, emakume batzuek larrainak erosi dituzte edo oinordetzan tokatu zaizkie eta jabeak izan dira, eta gaur egun gizonezkoak baino emakumezko gehiago dira ondare horren jabe.
Emakumeen arteko itunak ezinbestekoak izan dira Gesaltza Añanan. Egoera batzuk eta emakumeen bizimodu batzuk elkarren arteko laguntzari esker gertatu dira. Gatzgileak atsedenik gabe aritu dira lanean, trebeak izan dira sareak egiteko eta elkartzeko eta partekatzeko topaguneak aurkitu dituzte. Emakume horiek inoiz ez dute aitzakiarik behar izan abesteko eta dantzan egiteko, baina borrokatu behar izan dira herriko jaietan beren ospatzeko gunea aitortzeko.
1991ean aukeratu zen Gesaltza Añanako lehenengo emakumezko alkatea: Agustina López Ansotegui. Eta alkate horrek sustatu zuen Santa Anako Gatzgileen Elkartea, herriko emakumeentzako gunea.
Gaur egun Añanako Gatz Harana Fundazioa arduratzen da gatzaren kudeaketaz. Baita testuinguru kultural, ekonomiko eta sozial hau zaintzeko ezinbesteko prozesuaz ere, kultura ondare izatea nahi baitute. Garai bateko jabeek eskubide batzuk izaten jarraitzen dute, baina gatzagen jabea Fundazioa da eta gaur egun egiten den lana kudeatzen du.
Asunción Iturralde Díaz de Tuesta izan zen gatza modu tradizionalean landu zuen azken emakume gatzgilea eta hari eta haren kideei esker ari da berreskuratzen eta ikusgai jartzen emakume gatzgileen lana, gatz eta piper ugariko eta ahizpatasun handiko lana baita.