Breadcrumb

Eduki publikatzailea

2026ko Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala
Adierazpen instituzionala, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela-eta
2026-03-03

Arabako Foru Aldundiak bat egiten du Martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta berretsi egiten du gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrarekiko konpromisoa, baita indarkeria matxistaren modu guztiak desagerraraztekoa eta emakume guztien giza eskubideak erabat defendatzekoa ere. 

 

Berdintasuna oinarri demokratiko utziezina da, bai eta erantzukizun etiko eta kolektiboa ere, erakundeen eta herritarren inplikazio aktiboa eskatzen duena. Horregatik, aitortu egin nahi dugu mugimendu feministaren eta hainbat emakume belaunaldiren etengabeko lan eraldatzailea; izan ere, aurrerapauso erabakigarriak sustatu dituzte gizarte askeago, bidezkoago eta kohesionatuago bat izateko. 

 

Diskurtso erreakzionario eta negazionistak ugaritzen ari dira, eta diskurtso horiek garrantzia kentzen diote indarkeria matxistari, zalantzan jartzen dituzte lorpen historikoak eta oinarrizko eskubideak, eta berdintasun politika publikoen legitimitatea ahuldu nahi dute. Diskurtso horien aurrean, Arabako Foru Aldundiak irmotasunez adierazten du berdintasuna ez dela aukera ideologiko bat, eskubide unibertsal ukaezin bat baizik, anbiguotasunik gabe babestu eta bermatu behar dena.

 

Aurrerapenak aurrerapen, oraindik ere egiturazko desberdintasunak daude, emakumeen bizitzan eragin sakona eta espezifikoa dutenak, hala nola zainketen gainkarga, ekonomia eta lan prekarietatea, edo askotariko diskriminazio eta indarkeriak. 

 

Emakunderekin, EAEko beste aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8ko erakundearteko kanpaina bultzatu du, ‘Eman tokia berdintasunari’ lelopean. Kanpaina horren helburua da emakumeen eskubideak bizitzaren eremu guztietan bermatzen eta “arnasguneak” sendotzen laguntzea. Gune horiek zaintza, ahalduntze eta erreparazio gune komunitarioak dira, eta haietan, emakumeek erresistentziak partekatu, indarrak berreraiki, kolektiboki erreparatu, eta askatasun aukera berriei bide eman ahal diete. 

 

Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiak berdintasun politika publikoak indartzeko konpromisoa berresten du; izan ere, politika horiek atzerapausoak saihesten dituzte eta baliabide integralak, eskuragarriak eta kalitatezkoak sendotzen dituzte, indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak babesteko eta laguntzeko. Era berean, Aldundiak gizonen, gizon gazteen eta mutikoen erantzunkidetasuna eta inplikazioa sustatzearen aldeko apustuari eusten dio, berdintasunezko harremanak eraiki ahal izateko.

 

Gainera, mugimendu feministarekin eta gizarte eta toki erakundeekin aliantza egonkorrak sendotzea defendatzen du, eta haien ondare historikoa eta eragin eraldatzailea aitortzen du. 

 

Berdintasuna eraikuntza kolektiboa da, eta ekintza jarraitu eta komunitarioaren bidez baino ez da lortzen gizarte eraldaketa. Horregatik, Araba berdinzaleago eta bidezkoago baten eraikuntzan parte hartzera gonbidatzen dugu Arabako gizarte osoa, eta Martxoaren 8a dela-eta antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen dugu.

 

Araban, berdintasunarekiko konpromisoak ez du garrantzirik galtzen; aitzitik, sendotu egiten da, gero eta toki gehiagotara hedatzen da, eta indar handiagoz zabaltzen; izan ere, funtsezko bermea da bizikidetza demokratikorako, kohesiorako eta lurraldearen aurrerapen sozialerako.

 

Martxoaren 8an, Arabako komunitate osoak bat egin dezala, sendo eta konprometituta, duintasun, arnas eta aukera gune berriak eraikitzeko; hala, emakume guztiak askatasun eta berdintasun erabatekoaz bizi daitezen, erabaki dezaten eta garatu daitezen.