Arabako kontzejuetan emakume gehiago egotearen alde! - laia
Breadcrumb
Eduki publikatzailea

Azaroaren 23an izango dira Araban kontzejuetarako hauteskundeak.Emakumeak kontzejuen batzarretan parte hartzera animatzen ditugu, eta, hautatuak izanez gero, administrazio batzarrean parte hartzeko erronka beren gain hartzera. Publikoki inon agertzen ez diren eta kontzejuek ondo funtziona dezaten funtsezko lana egiten duten fede emaileen aintzatespen berezia.
Emakumeek Arabako kontzejuetan duten partaidetzaren gaia Saberes y sabores de las Mujeres proiektuko udalerrietan landu da (Berantevilla, Lantaron, Erriberabeitia).
Emakumeen partaidetza Arabako kontzejuetan *1
Emakume hautetsiek Arabako kontzejuetako administrazio batzarretan duten presentzia oso urrun dago oraindik orekatua eta parekidea izatetik. Hala, Arabako kontzejuen % 9,6an (32 guztira) ez da emakumerik hautetsi 1997tik 2021era bitartean. Aldiz, 301 kontzejutan (% 90,4) emakume bat hautatu dute bokal edo lehendakari.
1. grafikoa. Emakume hautetsiak dituzten kontzejuak (lehendakariak eta/edo bokalak)
Portzentajeak (1997-2021)
Kuadrillaka, 1997tik 2021era emakume hautetsien presentzia duten kontzejuen ehunekoa handituz joan da pixkanaka. 2021ean, kontzejuen % 61,6tan hautetsi da noizbait emakume bat bokal edo lehendakari. Kontzejuen % 40 ingurutan ez zen emakumerik hautetsi azken hauteskundeetan.
*1 Ramilo et al. egileek 1998an Arabako kontzejuetan emakumeek duten partaidetzari buruz egindako ikerketaren (Emakundek finantzatua) eguneratzeari buruzko oharrak. ALHAOn argitaratutako hauteskundeetako emaitzetan oinarritutako azterketa. Kontzeju batzuetan karguak betetzeari uko egin zaie, eta azkenean nor hautetsi den ez da modu irekian argitaratu; beraz, desfasea dago hauteskundeen emaitzen eta azkenean betetako karguen artean.
1. irudia. Emakume hautetsiak (lehendakariak eta bokalak) dituzten kontzejuen ehunekoen bilakaera, kuadrillen arabera (1997-2021)
Kontzejuen erdiek baino gehiagok (% 52,9) gutxienez behin hautetsi dute emakume lehendakari bat 1997tik 2021era; kontzejuen % 47,1ek, berriz, ez du emakumerik aukeratu kargu horretarako.
2. grafikoa. Emakume lehendakariak hautetsi dituzten kontzejuak
Ehunekoak (1997-2021)
Iturria: Ramilo 2025
Oro har, emakume hautetsiek kontzejuetan duten presentziak gora egin du azken urteetan: % 13,1etik % 27,4ra 2021eko hauteskundeetan. Hazkunderik handiena 2001eko hauteskundeetan izan zen, aurreko legegintzaldiarekin alderatuta ehuneko 4,1 puntu igo baitzen.
2021ean aukeratu ziren 1.042 karguetatik, 286 baino ez zituzten bete emakumeek (79 lehendakari eta 207 bokal). Hau da, hautetsien % 27,4 soilik dira emakumeak. Kopuru hori bilakaera izaten ari da, baina emakumeek administrazio batzarretan duten presentzia oraindik urrun dago orekatua izatetik. *2
*2 334 kontzejuetatik 320tan 3 kargu hautesten dira. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan ezartzen denez, “Euskal aginte publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan”. 20.6 artikuluaren arabera, ordezkaritza orekatua izango da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean. Hiru edo bi pertsonako organoetan, sexu biak ordezkatuta daudenean.
3. grafikoa. Lehendakariak eta bokalak, sexuaren arabera
Hautetsi beharreko kargu guztien gaineko ehunekoak (1997-2021)
Iturria: Ramilo 2025
Emakume hautetsien presentzia ez da parekoa kuadrilletan. Aiarako, Arabako Lautadako eta Gasteizko kuadrillek dute emakume hautetsien ehuneko handiena kontzejuetan.
Emakume hautetsiak dituzten kontzejuen bilakaera
Emakumeek kontzejuetan duten partaidetzaren bilakaerari buruzko azterketari esker, emakume hautetsiak dituzten kontzejuen ehunekoaren hazkunde motela ikus daiteke: 1997an, kontzejuen % 32,6k zuten emakume hautetsiren bat, eta 2021eko hauteskundeetan, kontzejuen % 61,6k. Lehen aldiz, 2013an hautetsi zen gutxienez emakume bat kontzejuen erdietan baino gehiagotan (% 53,5), bokal edo lehendakari gisa.
4. grafikoa. Kargu hautetsietan emakumeen eta gizonen presentzia duten kontzejuen bilakaera
Lehendakari eta bokalen ehunekoak (1997-2021)
Iturria: Ramilo 2025
5. grafikoa. Kargu hautetsietako emakumeen bilakaera, kuadrillen arabera
Hautetsi beharreko kargu guztien gaineko ehunekoak (1997-2021)
Iturria: Ramilo 2025
Ondorioak
- Agerian geratu da emakumeek partaidetza eskasa dutela Arabako kontzejuetako kargu hautetsietan (2021eko azken hauteskundeetan hautatutako karguen % 27,4 baino ez ziren emakumeak). Kontzeju batzuek argi dute funtsezkoa dela pertsonen eta ideien aniztasuna egotea auzo eta administrazio batzarretan, baina beste batzuek ez dute planteatu ere egin.
- Emakumeek kontzejuetan duten partaidetza ez da orekatua, kargu hautetsietan duten presentzia aztertzen badugu —datu horiek bakarrik erregistratzen dira, eta, horietatik abiatuta, kontzeju guztietarako azterketa egin ahal izan da. Hala ere, emakumeen partaidetza (herrietan, banaka, kolektiboetan, elkarteetan eta kontzejuen batzarretan) funtsezkoa den arren kontzejuetarako, ikusezina da dokumentazioari dagokionez.
- Azterketa kualitatiboari esker, emakumeak kontzejuetan sartzea errazten duten testuinguruez hitz egin ahal izan zen emakumeekin, parte hartzen duten emakumeen profilak ezagutu ahal izan ziren, genero desberdinkeriak identifikatu ahal izan ziren eta gobernu organo eta kontzeju-administrazio horietan emakumeen partaidetza mugatzen duten oztopoak identifikatu ziren.
- Kontzejuek ondo funtziona dezaten, funtsezkoa da kontzeju batzarretan emakume gehiagok, gazteek eta herrian edo kontzejuan betidanik egon ez diren pertsonek parte har dezaten sustatzea. Horrela, kontzejuek beharrezko eta gutxieneko masa kritiko askotarikoa izango dute, aldian-aldian kontzeju eta administrazio batzarretan erantzunkidetasunez inplikatu ahal dena. Betiko pertsonek erabakitzen badute (erreleborik ez dagoelako, beste inor ez delako inplikatzen edo besteak haien irizpideaz fidatzen direlako), zalantzan jar daiteke kontzejuen funtzionamenduari demokratikoa deitu ahal izatea. Beraz, beharrezkoak dira adin, sexu, jatorri, dedikazio, interes eta beste hainbat ezaugarri desberdinetako pertsonak egotea. Eztabaidei askotariko ikuspuntuak emango dizkiete, eta, hala, kontzejuak modu irekian funtzionatzen jarraituko du. Demokrazia zuzena eta herritarren partaidetza da hori, guztiona denari buruz erabakitzeko. Eta funtsezkoa da auzotarrek kontzejuetan egiten duten borondatezko ekarpena aitortzea eta balioestea.
- Azkenik, leku “zahar” batean politika “berria” egiten bada, benetakoa, praktikoa eta pertsonen beharretan zentratua, leku hori kontzeju irekia da. Kontzejuak demokrazia zuzena egitea ahalbidetzen duten tresnak (inbidiatuak eta ezezagunak) dira, baldin eta aniztasuna badago (emakumerik gabe ez dago aniztasunik) eta, betiere, guztiona denaren gobernu ona bada xedea.