Breadcrumb

CAB-Agenda EU

 

 

 

HARPIDETU

 

Eduki publikatzailea

Vedruna karitateko karmeldarren Togoko elkartea Araban izan da, haur kalteberak babesteko jardunbide egokiak ezagutzeko
Vedruna karitateko karmeldarren Togoko elkartea Araban izan da, haur kalteberak babesteko jardunbide egokiak ezagutzeko
2025-04-22

Erakundeak Kekeli zentroa kudeatzen du Afrikako herrialde horretako hiriburuan; zentro hori erreferentzia da sexu abusuen, haurren lanaren eta salerosketaren biktima diren haurren arretan, eta bere eredua indartu nahi du Arabako Foru Aldundiarekiko truke teknikoaren bidez.

 

 

Togon, Afrikako herrialde pobreenetako batean, lan egiten duen Vedruna karitateko karmeldarren elkarteko (Carmélites de la Charité Védruna) ordezkaritza bat Arabara etorri da, haur kalteberei arreta integrala ematearen arloko esperientziak eta jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzeko. Erakundeak sexu abusuaren, esplotazioaren eta salerosketaren biktima diren haurrak babesten espezializatutako Kekeli zentroa kudeatzen du herrialdeko hiriburu den Lome hirian, eta bisita tekniko hori egin du Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren laguntzarekin.

 

2009az geroztik, Foru Aldundiak Hanoukopé auzoko merkatuan egoera oso kalteberan dauden haurrei arreta ematen dien proiektu bati laguntzen dio. Hanoukopé Togoko hiriburuan pobreziak eta haurren esplotazioak gogorren jotako inguruneetako bat da. Haurrak erabateko prekarietatean bizi dira, eta ez dute inolako osasun edo hezkuntza zerbitzurik, eta, gainera, kasu askotan sexu abusuen biktima dira.

 

Zuzeneko arreta, prebentzio komunitarioa eta herrialdeko beste eragile batzuekin sareko lana uztartzen dituen egitura baten bidez, zentroak laguntza integrala eskaintzen die biktima diren adingabeei, eta haien oinarrizko eskubideen defentsa sustatzen du.

 

Kekeli proiektua funtsezko hiru guneren inguruan egituratzen da Hanoukopé merkatuan: eguneko zentro bat, haurren birgizarteratzean lanean diharduena jolas eta hezkuntza jardueren bidez; harrera eta iragaitzazko etxea, ingurune segurua eta laguntza integrala ematen duena, eta espazio komunitarioak, non sentsibilizazio lanak egiten baitira inguruko helduekin eta haurrekin.

 

Bisita honen helburua elkarteak Togon egiten duen lana indartzea da, Araban finkatutako ereduak ikasiz eta indarkeriaren eta bazterketaren biktima izan diren haurren babesa eta arreta hobetzea ahalbidetuko duten lankidetza loturak ezarriz.

 

Lucie Anne Mulata Kekeli zentroko koordinatzaileak eta Tsandja Afagnon Messan Togoko haur kalteberentzako harrera erakundeak biltzen dituen sarearen arduradunak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen hainbat zentro eta baliabide bisitatu dituzte, arriskuan dauden haur eta gazteekin lan egiten dutenak, hala nola Hazaldi harrera eta larrialdietarako zentroa, Txalaparta etxea eta sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko Tximeletak zentroa. Gainera, topaketa tekniko batean parte hartu dute, non beren esperientzia partekatu baitute babesgabetasun egoeran dauden haurrei eta sexu indarkeriaren biktimei arreta emateko eremuko foru profesionalekin, bai eta Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzukoekin ere.

 

Carmélites de la Charité Védruna elkarteak, Togon egiten duen lanerako, Arabako Solidaridad Vedruna – Solive elkartearen laguntza dauka. Elkarte horrek munduko herrien arteko loturak sortzeko lan egiten du, elkarrekiko sentsibilizazioa errazteko eta errealitatea giza eskubideetan eta pertsonen hazkunde integralean oinarritutako gizarteetarantz eraldatzeko parte hartze aktiboa izan dadin laguntzeko.