Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Rosa Montero
Arabako Irakurle-Klub Feministen II. Topaketa, Rosa Monteroren eskutik

Ekainaren 21ean, 130etik gora emakume elkartu ginen Arabako Irakurle Klub Feministen II. Topaketan. Iaz ekin genion ibilbideari, Arabako Errioxan, eta, oso arrakastatsua izateaz batera, hain harrera ona egin zioten kuadrilla horretako irakurle-klubeko kideek, ezen tradiziotzat hartzea erabaki baikenuen han bertan. Bada, Lautadako klubak hartu dio erreleboa. Hala, Argomaizko paradorearen ingurune ezin hobean egin genuen Gasteizko eta LAIAeskolako irakurle-klub feministen topaketa.

 

 

 

Ana Maria Gorospe Arabako Lautadako kuadrillako presidenteak eta Nekane Zeberio Diputatu Nagusiaren Kabineteko zuzendariak (duela gutxi arte Arabako Foru Aldundiko Berdintasuneko politikari izandakoak) egin ziguten ongietorria, eta irakurle-klubak Jabekuntzarako Eskolaren bidez kuadrilla guztietan sustatzen diren jarduera estrategikoak direla gogorarazi zuten. Halaber, Nekane Zeberiori agur esateko baliatu genuen unea, eta foru-aldundiko berdintasunerako politikekin izandako konpromisoa eskertu genion, bai eta LAIAeskolaren aldeko apustu beti gogotsua eskertu ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kabineteko zuzendari gisa egingo duen etapa berrirako zortea opatzearekin batera.

 

 

Adierazi zuten moduan, «2018-2019ko ikasturtean, hamar irakurle-klub abiatu dira Araban, zortzi gaztelaniaz eta bi euskaraz, eta, Gasteizko hirurekin batera, hilero elkartzen diren eta topaketa feministarako gune hori partekatzen duten 200 emakume inguru biltzen dituzte».

 

Begoña Etayo da kluben koordinatzailea, eta klubaren izenaren zergatiaz mintzatu zen:

 

 

«Bioleta feminismoaren kolorea delako eta ordu bioleta iluntzearen ordua delako aukeratu nuen izen hori: egunak eta gauak elkar besarkatzen duten ordua da, eta ordu horretantxe elkartzen gara. Baina baita, eta gaur nabarmendu egin nahi dut, Montserrat Roig idazle katalanaren nobela baten izenburua delako ere. Esan beharra dago, gainera, gaur hizlari izango dugun Rosa Monteroren laguna izan zela. Bada, Montserrat Roig feminista zen, eta 1991n hil zen, 45 urte zituela.  La hora violeta nobela erreferentea izan zen gure belaunaldiko emakumeentzat».

 

Eta, horrela, eguneko gonbidatuari eman zion hitza: Rosa Montero Gayo, kazetari eta idazle aitortu eta saritua, eta, aldi berean, guztiontzako feminista erreferentea. Bego Etayok kontatu zigunez, irakurle-klubetan Monteroren La ridícula idea de no volver a verte liburua irakurtzen ari dira, «Marie Curieren bizitzaren bidez emakumeei eta zientziari buruz hitz egiteko, baina baita Matilda efektuaz aritzeko ere; hau da, emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako aurreiritziaz eta emakume horien lanak askotan adiskide gizonezkoei egozteko joeraz hitz egiteko. Halaber, beste gai asko jorratzeko balio du liburuak: mina gainditzea, gizonen eta emakumeen arteko harremanak eta feminismoarekin zerikusia daukaten bestelako alderdiak. Bestalde, hasieran irudi dezakeenaren kontrara, heriotzari buruzko liburu bat baino gehiago dela ondoriozta daiteke, eta bizitzari nahiz bizitzaz osotasunez eta arintasunez gozatzen ikasten dutenen jakinduriari egindako kantua dela».

 

 

Rosa Monterok, “Una montaña sobre la cabeza” ponentziaren bidez, feminismoari eta literaturari buruz, feminismoan bizitzen ari garen uneari buruz, horren lorpenei eta arriskuei buruz eta etorkizunaren balizko bideari buruz hitz egin zuen. Ponentzia zoragarri horren ostean, elkarrizketa animatua eduki zuten idazleak eta parte-hartzaileek.

 

Beranduago, eguzkia buru gainean joka geneukala, Idiazabal gaztaren ibilbidea aurkeztu zuen Arabako Lautadako Landa Garapenerako Elkarteko kidea den Arantza Arrien Goitiandia teknikariak, gazta egiten duten emakumeek gidatuta. Mendialdeko Mendiandreak perkusio-taldeak girotu zuen gazta-dastatzea, zeina Arabako Foru Aldundiak babesten duen, LAIAeskolaren esparruan.

 

 

Gazta dastatu, perkusioaren erritmora dantzatu eta taldearen nahitaezko argazkia atera ondoren, bazkari animatua partekatu genuen Agurainen, eta bisita gidatua egin. Azkenik, hurrengo udazkenera arte agurtu ginen, orduantxe elkartuko baikara berriro, «ordu bioletan» hilero, feminismoaren, kulturaren eta elkarrizketa onaren bidez emakumeen kontzientzia kolektiboan arakatzeko. Eta erronka 2020ko topaketan jarrita joan ginen. Zein kuadrilla animatuko da hurrengoa antolatzera?

 

 

Eskerrik asko!