Foru Aldundiak 25.000 liburuxka baino gehiago banatu ditu Arabako udalerrietan, herrietako jaietan eraso matxistak prebenitzeko - laia
Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Arabako Foru Aldundiak indarkeria matxista prebenitzeko kanpaina bat jarri du abian, eta 25.200 liburuxka ari dira banatzen Arabako udalerrietako udako jai ekitaldietan.
"Eraso matxistarik gabeko jai askeak" lelopean, gidak modu arin eta didaktikoan zehazten ditu honako hauek: eraso matxista zer den identifikatu ahal izateko kontuan hartu beharreko alderdiak, nola erreakzionatu behar den norbaitek eraso bat jasan badu, zer egin daitekeen indarkeria mota horren lekuko izanez gero eta nola jokatu behar den emakume batek laguntza eskatzen badu.
Materialak atal berezi bat du mendekotasun kimikoarekin egindako sexu erasoei buruz, eta sintomak zein diren eta biktima izatearen susmoaren aurrean nola jokatu azaltzen da bertan. Azkenik, larrialdietako eta biktimei laguntzeko zenbakiak sartu dira: 112 (SOS Deiak) eta 900 840 111 (24 orduko Arreta Zerbitzua)
Liburuxkak Aiarako, Arabako Lautadako, Guardia - Arabako Errioxako, Gorbeialdeko, Arabako Mendialdeko eta Añanako kuadrilletako udalerri guztietan banatzen dira, baita Trebiñuko enklabeko udaletan ere. Kuadrillak eta udalak beraiek ari dira inprimakiak banatzen.
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "Material horren asmoa da Arabako gizartea indarkeria matxistaren gaitzarekiko sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, jarduteko jarraibide eta gomendio errazak eskainiz, bai emakume biktimentzat, bai genero indarkeriaren kasuren bat ikusi duten pertsonentzat".Arren eskatu du herritar guztiek erantzukizunez jardun eta banakako konpromisoa har dezatela, "emakume guztiok errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako festez gozatu ahal izan dezagun".