Breadcrumb

Gorbeialdeko emakumeen Memoriarako Topaketa

Gorbeialdeko emakumeen Memoriarako Topaketa


 

Osoko Bilkuren aretoa, Aramaio - urriak 13

 

 

Urriaren 13 arratsaldean egin zen Arabako Historiako Emakumeen Memoriarako lehenengo Topaketa Aramaioko udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan, Arabako Foru Aldundiak sustatuta. Aulkiak borobilean ipini ziren, giroa gertukoa zen, euskara eta gaztelaniaz naturaltasunez erabili ziren eta giro goxoa sortu zen, taldean entzuteko eta oroitzeko.

 

Saioa hasteko, proiektua aurkeztu zen eta xedeen berri eman zen: Arabako emakumeen bizitza, lan eta jakintzetatik berraztertzea historia. Topaketa honetan Gorbeialderako hautatutako aztarna izan zen haraneko familia- eta komunitate-arloko memoria irekitzeko abiapuntua -Maria Trojaola eta Rosalia Ormaetxea ama-alaba emagin eta sendalariak izan ziren ardatzak-.
 

María Trojaola a la izquierda y Rosalía Ormaetxea a la derecha. 
María Trojaola ezkerrean eta Rosalía Ormaetxea eskubian

 

Bertaratu zirenak laster hasi ziren historia berreraikitzen. Protagonisten familia hasi zen, eta belaunaldiz belaunaldi igorritako oroitzapenak kontatu zituen. Bilobak kontatu zuen:

“Nire aita Mariaren semea zen eta amak Oñatiko erizain batekin ikasi zuela esaten zuen... Zauriak sendatzen irakatsi zion, apurtutako hankak konpontzen. Etxea beti beteta egoten zen. Bizkarra apurtuta zutenak kaxa batean sartzen zituen, ez mugitzeko.”

 

Hasierako lekukotza horiekin Maria Trojaolari buruzko hamaika kontu esan zen: etxea beti beteta, “anestesiarik gabe, oihu batean” egiten zituen sendaketak, Arrasate edo Elorriotik etortzen zen jendea, eta belaunaldi batetik bestera igaro zen trebezia.

 

Bilobetako bat “etxe hartan bizitakoa” zen eta gogoan zuen txikia zela amama ikusi izan zuela hezurrak bere tokian jartzen, eta dirudienez oraindik ere bizi da Arrasaten “sendalariak” besoa “zoragarri” utzi ziola kontatzen duen gizon bat. Denak bat zetozen, jakintza praktiko hura amak alabari erakutsi zion, eta alabak haran osoan aitortutako autoritatea izan zuen. Bestalde, orduko komunitate-arloko osasun-sisteman Maria zalantzarik gabeko erreferentea izan zen.

 

Rosalia alaba ere aipatu zuten, miresmena nabari zen hitzetan eta erresistentzia ere aipatu zuten. Familiako emakumeetako batek azaldu zuen Valladoliden ikastea erabaki zuela:
 

“Amak gehiago eta gehiago nahi zuen. Erizain izateko ikasi nahi zuen. Eta amamak esan zuen: ‘Nik denean lagunduko dizut.’ Eta hala izan zen. Valladolidera joan zen praktikante eta erizain ikastera.”

 

 Diploma de Rosalía Ormaetxea. Rosalía Ormaetxearen diploma

 

1932ko diploma erakutsi zuten eta Gerra Zibilak eta frankismoko arazketak zeharkatutako bizitzako txatalen berri eman zuten. Partaideetako batek esan zuen:

“1937an mundu honetara etortzen lagundu zidan Rosaliak. Amak esaten zuenez, leihoan koltxoi bat jarri zuen balak ez sartzeko.”

 

Kapitulu horri esker, aztarnaren dimentsio historikoa sakonago aztertu ahal izan zen. Familiak kontatu zuen Rosaliaren garaian Valladolideko unibertsitatean gizonezkoak nagusi zirela –hiru emakume besterik ez– eta zenbait hamarkadaz titulu ofizialaren zain egon behar izan zela Gerra Zibilarekin eta alderdi errepublikar eta nazionalistekin zerikusia zuten profesionalen arazketaren ondorioz.

 

Kontakizunak txirikordatzen jarraitu zuten. Aramaion jaio edo hazi zirenek baserrietako erditzeak, egiten ziren sendaketak, auzoz auzo ibiltzen ziren motorrak eta laguntza behar zuenarentzat beti irekita zeuden etxeak oroitu zituzten. Lapikoetan berotutako alkohola; denbora baino lehen jaiotakoak salbatzeko kotoiak eta erditze konplikatuak Gasteizko ginekologo batengana bideratzeko zuhurtzia ere aipatu ziren. Partaide batek kontatu zuen Rosaliak “behatza konpondu” ziola, eta beste batzuek enplastuak eta “anestesiarik gabe, oihuka” egiten ziren sendaketak ekarri zituzten gogora.
 

Foto del encuentro en Aramaio. 
Aramaioko topaguneko argazkia

 


Topaketan zehar beste historia batzuk ere kontatu ziren eta Aramaioren iraganari buruzko ikuspegia zabaldu zuten. Garai hartako testuinguru politiko eta sozialeko tentsioen berri eman zen. Pilarrek azaldu zuenez, Aramaioko jendeari injekzioak jartzen aritu zen denbora luzez. Sekzio Femeninoko ikastaro bat egin zuen eta familiak denda bat zuenez, horixe egin behar izan zuen. Behin Guardia Zibilaren kuartelera injekzioa jartzera joateko deitu omen zioten:

 

“Bi guardia zibil etorri ziren. Emaztea ohean zegoen eta ezin zen mugitu. Kuartelera joateko esan zidaten. Oso urduri jarri nintzen... Kuartelera joatea gogorra zen, txibatatzat hartzen baitzintuzten. Baina amaginarrebak esan zidan: ‘Pilar, horiek ere pertsonak dira’. Eta zortzi egunez jarraian joan nintzen.”

 

Isiltasuna nagusitu zen hori kontatu zuenean, aitormenez betetako isiltasuna. Kontatu zuena ez zen bitxikeria hutsa izan, baizik eta frankismo garaiko eguneroko bizitza konplexuaren adibide bat zen: betebehar deontologikoaren eta printzipio politikoen arteko kontraesana, kontrol soziala, jendearen esanei zitzaien beldurra, “besteren etxeetan sartzeko” aukera zuten emakumeek zuten zaintze zorrotza eta, aldi berean, zaintzaren etika, emozionalki jasangaitzak ziren egoeretan ere betebeharrak betetzea. Pasadizo horren ondoren emaginen eta sendalarien aztarna historiako paisaia zabalago batekin lotu zen: hertsadura, isiltasun eta erabaki zailez betetakoarekin.

 

Foto del encuentro en Aramaio. 
Aramaioko topaguneko argazkia.

 

Lucía jostuna aipatu zen, herri-erdiarentzat erreferentzia izan zen bere etxe-lantegia; Pilar Calixta Amilburu Elorza piano-jolea ere aipatu zuten, apaizak eta abesbatzako gizon batzuek elizan jotzea debekatu ziotena; eta iñudeak, berek haurrak utzi eta besteren haurrei bularra ematera hirietara joaten zirenak:

 

“Hemendik inoiz irten gabeko emakumeak ziren eta Zaragozara edo Burgosera joan ziren. Norbaitek mugitzen zuen hura guztia... Antolatuta egongo zen.”

 

 Pianista Pilar Calixta Amilburu Elorza 
 Pilar Calixta Amilburu Elorza pianojolea. Aramaioko udaletik hartutako irudia
https://aramaio.eus/aramaio-ezagutu/historia-egin-duten-emakumeak/#pilar 

Justa Lonbide aipatu zen, berbiloba topaketan zen eta handik egun batzuetara familiako argazkiak igorri zituen; interes berezia eta hunkidura eragin zituen.

 Imagen de la portada de la revista “aibala!”, julio de 2023.  
 2023ko uztailaren “aibala!” aldizkariko azala 

 

Herriko telefonistaz ere oroitu ziren, bi urtez kartzelan egona “garaiz” entregatu ez zuen “telefonema” bat jaso zuelako. Haren bizitza dantza-taldeari eta kultura-jarduerei lotuta zegoen eta frankismoaren errepresioaz tokiko mailatik hausnartzeko baliagarria izan zen.
 

Elkarrizketan zehar jakin ahal izan genuen harana geografikoki isolatuta dagoenez -medikurik, errepiderik, argindarrik ez-, komunitatea beste ere batera antolatu zela, tokiko jakintzetan eta elkarri emandako babesean oinarritu zen. Herri-jakinduria azaleratu zen ia buruz zekizkiten errezetak esatean:
 

“Erredurentzako, intsusa eta ardoa”.
“Bularrerako, oloa, olioa eta harizko oihala.”
“Zaurientzako ‘chimbo’ xaboia, beti’.

 

Auzoen eta erdigunearen arteko aldeak ere aipatu ziren, etxe handietako gizonekin ezkondutako emakume askoren bakardadea ere aipatu zen -”oso gogorra”- eta beste herri eta hiri batzuetara ia gaztelerarik ez zekitela neskame joan ziren neska gazteen migrazioa ere hizketa-gai izan zen.

Topaketa amaitzeko, artxibo bizi bat ireki izanaren sentsazioa zutela aipatu zuten: oroitzapenez eratutako sarea, izendatzean historiaren forma hartzen hasi zena.
 

Imagen del Encuentro de Aramaio. 
Aramaioko topaketako irudia

 

 

Agurtu aurretik urrats berriak egin ahal izateko bi behar identifikatu zituen taldeak. Batetik, dokumentazioa, argazkiak eta familiakoen lekukotzak jasotzen jarraitu beharra zegoela, bereziki saioan aipatu ziren emakumeenak; hala eginez gero haraneko memoria kolektiboa handiagoa izango baita.

 

Bestetik, belaunaldi arteko guneak sustatzeko beharra aipatu zen, adinekoek ahozko ondare hau gazteei igortzeko beharra, memoria horiek berriro ere isilean geldi ez daitezen.

 

Topaketa amaitzeko mokadutxo bat egin genuen, argazkiak mahai gainean eta talde txikiak hizketan. Elkarrekin gogoratuz gero memoria indartu egiten dela argi zegoen, eta Aramaioko emakumeak -sendalariak, jostunak, iñudeak, emaginak, telefonistak- haranaren kontakizun biziaren ezinbesteko zati direla.
 

Imagen del Encuentro de Aramaio. 
Aramaioko topaketako argazkia.

Erlazionatutako edukia - Gorbeialdeko topaketa

Topaketari buruzko informazio gehiago

Categoriak

 

GAIAK

 

Topaketak egitean, hainbat gai interesgarri aurkitu ditugu:

 

Lanbideak, lanak eta funtzioak

Serorak/freilak  Ugazabandreak Gatzgileak  Mondongerak Emaginak  Beztitzaileak Beztitzaileak  Tratulariak Merkatariak  Tabernariak Garbitzaileak  Maistrak Iñudeak/hazamak  Modistak Sendalariak  Injekzioa jartzen zuten emakumeak Zaintzaileak  Kargu politikoa Nekazariak/Abeltzainak  Industriako langileak Neskameak ("zerbitzatzera joaten zirenak")  

 

 

Ekonomia eta biziraupena

Familia-bizitzaren eguneroko antolaketa    Trukea Estraperloa Fiatua Aisia eta denbora librea

 

 

Bizitza zaintzea eta mantentzea

Zainketak Hazkuntza Adinekoei arreta Bateragarritasuna / Kontziliazioa Osasun komunitarioa Jaiotza Igarotze-erritualak Landare eta jakintza sendagarrien erabilera

 

 

Hezkuntza eta balioak

Hezkuntza Eskola Balioak eta moraltasuna Erlijioa Sozializazioa

 

Gorputza, harreman afektiboak

Sexualitatea eta UgalketaHarreman afektiboak Gorputzaren kontrola

 

Boterea, desberdintasuna eta kontrola

Lanaren sexu-banaketa Sexu-segregazioa haurtzaroan Errepresio sexista Kontrol sozial eta erlijiosoa Jabetzea  Garbiketa Isilaraztea Emakume aitzindariak

 

Kultura, memoria eta nortasuna

Historia Memoria kolektiboa Tradizioa Jaiak Migrazioa Sustraitzea /Finkatzea Tokiko nortasuna eta ondarea Aitorpena Ikusezin bihurtzea Familiaren memoria

 

Etiketa tenporalak

Historiaurrea Erdi Aroa Modernitatea II. Errepublika Gerra Zibila  Gerraostea Frankismoa Demokrazia Gaurkotasuna

 

Espazioak

Etxea (Etxea) Baserria Eliza/Ermita Garbitegia Kalea/Plaza  Zelaia Fabrika Denda Dantza

 

Sareak eta gizarte-antolaketa

Emakumeen sareak Komunitatea Elkartea Lagunak Familia  Leinua