Berriak - laia
CAB Berriak
Gune honetan Araban eta kuadrilletan gertatzen denari buruzko albisteak, artikuluak, erreportajeak eta eduki esklusiboa aurkituko dituzu.
Eduki publikatzailea

Maiatzaren 14tik 28ra bitartean Laudiok ‘feminismoa zukutzeko’ aukera izango du Laudioko Udaleko Gobernantza Feminista Zerbitzuak antolatu dituen lehen jardunaldi feministekin. Zikloak feminismoa mugimendu inklusibo eta transbertsal gisa aurkeztu nahi du, oztopoeak gaindituz eta pertsonen parekidetasuna, berdintasuna eta askatasuna oinarri.
Antolatutako ekintza guztiak kontsultatu programazioan:

Gutun hau idazten dizugu Amurrioko Udaletik bidaltzen dizugun opari berezi bat aurkezteko: Chimamanda Ngozi Adichie-ren Todos deberíamos ser feministas liburua.
Liburu hau irakurketa hutsa baino gehiago da, berdintasunari eta feminismoari buruz hausnartzeko gonbidapena da. Bere orrialdeetan, inguratzen zaituen munduari buruz modu ezberdinean pentsaraziko dizuten ideia boteretsuak eta begiradak aurkituko dituzu.
Badakigu erronka asko dituen belaunaldi baten parte zarela, baina mundua hobetzeko gogoa eta gaitasuna ere erakutsi duzula.
Hartzen duzun ekintza bakoitzak, hitz bakoitzak, pertsona guztientzako etorkizun bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzen lagun dezake, haien generoa kontuan hartu gabe. Azken batean, gizarte askeagoa eta zoriontsuagoa.
Espero dugu liburu honetaz gozatzea eta gure komunitatean, gure gizartean eta gure bizimoduan ikusi nahi dugun aldaketaren parte izatera bultzatzea.
Gainera, eta opari honen zergatia hobeto uler dadin, Isa Duque psikologa, sexologa, youtuber eta instagramer-arekin (@lapsicowoman), topaketa-saio batera gonbidatu nahi zaitugu.

Apirilaren 8an izango da, astelehena, Antzokian, 10:15ean.
Zure zain gaude! Ekarri zure telefono mugikorra.
Eskerrik asko elkarrizketa garrantzitsu honen parte izateagatik.
Amurrio Udaletxeko Berdintasun Batzordea.

Ekitaldiak erakundeen, alderdi politikoen, emakume taldeen eta emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko taldeen ordezkariak bildu ditu Artium Museoan, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8a ospatzeko abian jarri dituen ekimenen barruan. Aurten, foru erakundeak ardatz hartu du emakumeak ahalduntzeak duen funtsezko eginkizuna berdintasunerako aurrerabidean, adineko emakumeen balioespenean eta belaunaldien arteko harremanaren garrantzian.
Hori dela eta, ekitaldian esker ona agertu zaie Arabako kuadrilletatik etorritako zazpi emakumeri.
Hauek izan dira omenduak:
- Victoria Cañas, Díez-Caballero upeltegiaren buruan ibilbide luzea duen enpresaburua
- Tere Cosano, Laudioko Solastiar elkartearen lehendakaria
- Silvina Salinero, indarkeria matxistatik bizirik atera dena eta Aguraingo Sallurtegui elkarteko kidea
- María Luisa Garate, Lagunak elkarteko eta Rivabellosako Cáritas elkarteko kidea
- Feli López de Robles, Gure Soroa Arabako Emakumeen Elkarteko kide eta Apodakako fede emailea izan zena
- Bene Txasko, Kanpezuko Emakumearen Kultura Elkartearen sortzailea
- Amaia Cadavid, Trebiñuko Udalaren lehen berdintasun planaren bultzatzailea
Ekitaldi instituzional osoaren bideoa
Testigantza bideoa

Eginaren Eginez elkartetik, “BENETAKO EMAKUMEAK: Dibertsitatearen aldeko kanpaina” aurkezten dizugu, gizartean zirrara sorrarazi nahi duen ekimena, eguneroko bizitzan benetakoa dena dibertsitatea dela berretsiz. Guztiok desberdinak gara, hori da errealitatea!
Gure helburua inklusioa da, eta paregabeak bihurtzen gaituena dibertsitatea dela frogatzea. Aintzat hartu ditzagun estandarrei aurre egiten dieten eta errealitatea zer den seinalatzen duten askotariko emakumeak.
Berdintasunarekiko eta inklusioarekiko gure konpromisoarekin jarraituz, funtsezkoa da aniztasun funtzionala dugun emakumeok bizi dugun zapalkuntza sozial eta kulturalari aurre egitea, gure gizartean emakumeentzat oro har ezarritako kanon fisikoari ez erantzuteagatik. Inklusioa eta pertsona guztiontzat aukera-berdintasuna, edonolakoa izanda ere, ezinbestekoa da gure egitekoan.
Kanpaina hau urrats garrantzitsua da aitortzeko ez dela berdinak izateko eskubideari buruzkoa, desberdinak izateko eskubide bera izateari buruzkoa baizik.
BENETAKOA DIBERTSITATEA DA
DENOK GARA DESBERDINAK
EMAKUME DESBERDINAK ETA BENETAKOAK
Estandar eskuraezinez betetako mundu batean, gizarte alternatibo bat aldarrikatzen dugu, emakume idealaren kanonik gabeko gizartea. Guztiok garelako desberdinak, eta badelako garaia gutako bakoitza ahaldunduta eta ordezkatuta egoteko. Gure dibertsitatea gure indarra da, eta elkarrekin geldiezinak gara. Gure kanpaina benetako emakume guztientzako dei bat da, espektatibei aurre egiteko eta gure berezitasunetan nabarmentzeko. Denok dugu lekua istorio honetan.
Helburuak:
- ** Informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat planteatzea.
- Emakumeen aurkako indarkeria kulturalari erasotzea.
- Gizarte osoa kontzientziatzea eta informatzea, markatutako estereotipoak apurtzeko.
- Dibertsitatea abiapuntu hartuta inklusioa bermatuko duten herritarrak eta erakundeak sustatzea, gizarte bidezkoagoa lortzeko.
- Emakumearen parte-hartzea bilatzea. Elkarteko emakumeok izango gara kanpainan parte hartuko dugunak.
- Dibertsitatea ikusgai bihurtzea.
- Aniztasun funtzionala duten emakumeei dei egitea gizarteak markatutako jarraibideen aurka borrokatzera eta beren inkonformismoa azaltzera.

Mapa batek lurralde bat mugatzen du. Barruan zer dagoen adierazi eta kanpoan zer geratzen den ezartzen du. Era berean, askotan, letra larriz, hiriburu bat izendau ohi du, erdigune bat.
Erdigunea eta bazterrak, lurraldeak, hiriak eta gizarteak antolatzeko eskema ezaguna. LGTBI+ pertsonok, norma ez beteatzearren baztertuak izan gara eta elkargune berriak marraztu behar izan ditugu; kartografia propiak asmatu, non sarteu, gozatu, zaindu, bizi eta borrokatu.
Horretarako, hiriguneetara mugitu gara askotan eta bertan periferietan lurralde propiak eratu ditugu. Badagoelako beste bide bat, bazterrak erdigune bihurtzera ohituak gaude. Honela, pasa berri diren Abuztu eta Irailean Arabako mapa ezberdin bat marraztu dugu, herriz herri kilometroz kilometro. Normalean ertzetan geratzen diren herri eta pasaiak erdigune bihurtu ditugu.
Okondotik Oionoera, Espejotik Araiara banakoak, komunitateak eta lurraldeak LGTBI+fobiaren aurka eta eskubideen alde elkar saretzen eta lotzen ibili gara. LGTBI+fobia gabeko Araba josteko haria ez dadila eten. Nahastu dituzagun bazterrak eta salto egin dezagun plazara, erdigunera.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentalaren proiekziora gonbidatzen zaitu.
Marokok okupatutako Sahara Mendebaldeko lurraldeetan emakumeek jasandako indarkeriak erregistratzeko eta salatzeko Insumisas-ek giza eskubideen defendatzaile sahararren lana dokumentatzen du. Bortxaketa horien basakeriaren eta metodoen krudelkeriaren aurrean, filmak emakume sahararrek bidegabekeriaren eta ahanzturaren aurkako borroka historikoan izan duten indarra eta tinkotasuna irudikatzen du.
Laura Dauden brasildarra eta Miguel Ángel Herrera kolonbiarra zuzendari dituela, Insumisas 25 minutuko dokumental laburra da. Hura Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa-ren finantziazioarekin. Proiekzio honek Arabako Foru Aldundia-ren babesa du.
Dokumentalaren emanaldiaren ostean, Irantzu Mendia Azkue ikertzaileak, Hegoa Institutuko zuzendariak, Gertatutako guztia argitan jarri txostenaren ondorio nagusiak azalduko ditu, eta solasaldi bat irekiko da El Ghalia Djimi eta Mina Baali giza eskubideen defendatzaile eta ekintzaile sahararrekin.
- Eguna: Abenduaren 13an
- ordua: 19:00
- Lekua:
- Artium
- Auditorioa
- GASTEIZ - Sarrera doan, tokia bete arte

Arabako Foru Aldundiaren adierazpen instituzionala, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean
Gobernu Kontseiluak, 2023ko azaroaren 21ean egindako ohiko bilkuran, honako adierazpen instituzional hau onetsi du azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta:

Jardunaldia Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta GGKEen Koordinakundeak antolatu zuten. Horren helburua lankidetza feministaren kontzeptura hurbiltzea zen, baita hori garapenerako lankidetzako erakundeen eta aldundiaren beraren esku-hartzeetan nola sartu aztertzea ere.
Ponentzia nagusia Mercedes Ruiz-Gimenez Garapenerako Lankidetzan, Generoan eta Gobernagarritasunean adituak egin zuen. 45 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta hainbat erakunde eta erakunderentzat lan egin du, bai Afrikan, bai Latinoamerikan.
Clara Murguialday ekonomialari feministak dinamizatu zuen lan-eremu kolektiboa, generoan eta garapenean aholkulari gisa lan egiten duena. Bere irakaskuntza-, ebaluazio- eta ikerketa-lana ikuspegi feminista lankidetza-politiketan eta emakumeak ahalduntzeko estrategietan txertatzean oinarritzen da.
Argazki-galeria

Arabako baserritar inguruko emakumeen sareak antolaturik pasaden 2023/09/16an Labastidan “Belaunaldien arteko bizikidetza solidarioa ereiten, berdintasuna eta lidergoa jasotzen” lelopean Arabako Landa-eremuko emakumeen XXIV. topaketan burutu zen. Rubén Lasherasek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakasle eta ikertzaileak, “Kulturarteko elkarbizitza belaunaldiarteko gakoaz” gaiari buruzko hitzaldia eman zuen. Bestalde, Mónica Ramos antropologo eta gerontologo feministak “Zahartze aktiboa ikuspegi feministatik” gaiaz hitz egin zuen.
Horrez gain, ondoren, parte hartzeko talde-dinamika batean emakumeak harremanetan jarri ziren eta euren artean esperientziak trukatu zituzten. Azkenik, umore ukitua izan zuen Hamaika emakume-konpainiaren antzezlanak eman zion amaiera jardunaldiari.
Arabako Landa-eremuko emakumeen sarearekin batera, “Peña de Toloño” izeneko Bastidako emakumeen elkarteak ere parte hartu zuen jardunaldian. Halaber, politik arloko hainbat ordezkari ere bertaratu ziren, hala nola Josune Irabien Marigorta, Emakundeko idazkari nagusia, Nerea Melgosa Vega, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Daniel García Bastidako alkatea, Ione Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatua eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru-diputatua.
Argazki-galeria

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 13a. LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Sareak ikasturte berria hasi du 132 jarduerarekin, gure lurraldeko kuadrilletan eta Trebiñun banaturik, desafio honekin: "elkarrekin biltzeko eta trukeak egiteko lekua izatea, feminismoan trebatzeko gunea, eta haurnartzeko eta errealitatearen beste ikuspuntu batzuk aurkitzeko eremua".
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak aurkeztu du gaur goizean, Joana del Hoyo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera, LAIAren zazpigarren edizioa abiarazten duten jardueren egutegia, "Arabako Foru Aldundiaren, Arabako kuadrillen, lurraldeko udal eta toki erakundeen, emakume elkarteen, mugimendu feministaren eta beste antolakunde eta pertsona batzuen ahaleginak batzen dituen proiektu integratzailea, partaidetzazkoa eta finkatua". Hori guztia, helburu honekin: "berdintasunean eta emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo eta asoziatiboan aurrera egitea, eta, aldi berean, bereizkeriari aurre egiten dioten beste pertsona batzuk bereganatzea, hala nola LGTBIQ+ taldea".
Jone Berriozabalek azpimarratu duenez, LAIAk, bere hasiera-hasieratik, aliantzak ehuntzen dihardu, eta Araba lurralde bidezkoago eta berdinzaleago, askotariko eta indarkeriarik gabeko bihurtzeko beharrezkoak diren indarguneak eta sinergiak sortzen, prozesu kolektiboak eta elkarrizketarako, gogoetarako eta hazkunderako guneak finkatzeaz gainera. "Gure helburua emakumeen ahalduntze prozesu horietan lagun egitea da, haien partaidetza soziopolitikoa indartzen duten tresna eta ekimenen bitartez. Baita ere, emakumeekin eta gizonekin lan egitea, berdintasuna eta gizarte bidezkoagoa lortzeko", adierazi du foru diputatuak.
13.800 parte-hartzaile
2022/2023 ikasturtean, 13.800 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten LAIAren jardueretan. Haietarik % 75 emakumeak izan ziren. Horregatik, "oraindik ere hobetzeko tarte handia dago Arabako mutilen eta gizonen partaidetzaren aldetik", adierazi du.
2023-2024 ikasturteari begira, LAIA 132 jarduerarekin abiatzen da, eta horiei beste batzuk gehituko zaizkie datozen hilabeteetan. Programazio "zabala eta askotarikoa" izango da, haren barruan izango baitira elkarrizketak, emakumeenganako indarkeriari buruz sentsibilizatzeko edo berdintasunaren inguruko antzerkia, topaketak, ikastaroak, jardunaldiak, ponentzia edo hitzaldiak, eztabaida eta solasaldiak, prestakuntza-lantegiak, zineforuma, irakurketa feministako klubak, berdintasunaren aldeko ibilaldiak, bakarrizketak, elkarlaneko horma-irudiak, kaleko ikuskizun eta jolas-jarduerak, hainbat kultura-adierazpenen bidez (musika, antzerkia, dantza, artea, literatura, zinema, etab.) genero berdintasuna sustatzeko jarduerak, eta emakumeek kiroletan parte hartzearekin loturiko jarduerak.
Nabarmentzekoak dira berdintasunaren aldeko eskualdeetako topaketak, dagoeneko kuadrilletarako erreferentziazko espazio bihurtu direnak. Haietan, sakonean lantzen dira berariazko gaiak, hala nola justiziaren desafioak indarkeria matxistari heltzean, Añanan, edo indarkeria matxistari heltzeko estrategiak, Lautadan.
Eskualdeetako topaketa horiez gainera, beste bi ekitaldi nabarmendu daitezke. Bihar, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak "Lankidetza feminista mundua aldatzeko eredu berri bezala" izenburuaz antolatutako jardunaldia egingo da Burgelun. Eta larunbatean, Bastidan, Arabako Landa Inguruneko Emakume Sarearen urteroko 24. bilera egingo da. Bertan, adin guztietako emakume landatarren zahartze aktiboa aztertuko da, bai eta kulturarteko elkarbizitzaren desafioa ere, belaunaldien arteko ikuspuntutik.
Ahalduntze kolektiboa
Edizio honetan, Jone Berriozabalek baieztatu duenez, LAIAk "epe luzeagoko ahalduntze kolektiboa lortzeko espazioak" sortu nahi ditu, ez bakarrik jardueretan parte hartzen duten pertsonen banakako ahalduntzea. Hori da, hain zuzen, berdintasun espazioen eredua, zeinetan emakumeekin lan egiten den, haien jarduerak berdintasun politiketan integratzea ziurtatzeko. Esate baterako, Añana FEMprende, Añanako emakume ekintzaileak ahalduntzeko gunea. Hark jasotako balorazio onaren ondorioz, eredu horri jarraitu zaio Aiaraldean ere ezartzeko.
Espazio horien beste adibide batzuk honako hauek dira: indarkeria jasan duten eta indarkeria matxistatik bizirik irten diren emakumeei lagun egiteko Aguraingo programa, ikuspuntu feministatik zurrumurruen aurka jarduteko Artziniegako ekimena, adinduentzako "Polito zahartu" programa, Asparrenean eta Gesaltza Añanan, edo Gorbeialdeko maskulinitate berrien taldeak, besteak beste.
Baita ere, neska eta mutilak inplikatzen dituzten espazioak ere antolatu dira. Esate baterako, SexOka, Iruña Okako Udalaren sexualitateari buruzko aholku zerbitzua, 2021ean hasia eta funtzionatzen jarraitzen duena.

Laudio, 2023ko abuztuaren 3an
Laudioko Ugarteko jaietan gertatutako eraso matxista baten berri dugunez, adierazi nahi dugu erabat arbuiatzen eta gaitzesten ditugula emakumeen aurka egiten diren indarkeria-ekintza guztiak, emakume izate hutsagatik, genero-desberdintasunean oinarrituta, eta gure elkartasuna eta baldintzarik gabeko babesa adierazi nahi diegu erasoa jasan duen emakumeari, haren familiari, komunitateari eta gertuko pertsonei. Jaiek beti izan behar dute emakumeentzako gune seguruak.
[…]
Hori dela eta, Laudioko Udalak bat egiten du Ugarteko jai batzordeak eta Laudioko mugimendu feministak datorren ostegunean, abuztuaren 3an, 19: 00etan, Herriko Plazan antolatu duten elkarretaratzearekin. Indarkeria matxistak gaitzesteko eta biktimei laguntzeko ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.

Arabako Foru Aldundiak indarkeria matxista prebenitzeko kanpaina bat jarri du abian, eta 25.200 liburuxka ari dira banatzen Arabako udalerrietako udako jai ekitaldietan.
"Eraso matxistarik gabeko jai askeak" lelopean, gidak modu arin eta didaktikoan zehazten ditu honako hauek: eraso matxista zer den identifikatu ahal izateko kontuan hartu beharreko alderdiak, nola erreakzionatu behar den norbaitek eraso bat jasan badu, zer egin daitekeen indarkeria mota horren lekuko izanez gero eta nola jokatu behar den emakume batek laguntza eskatzen badu.
Materialak atal berezi bat du mendekotasun kimikoarekin egindako sexu erasoei buruz, eta sintomak zein diren eta biktima izatearen susmoaren aurrean nola jokatu azaltzen da bertan. Azkenik, larrialdietako eta biktimei laguntzeko zenbakiak sartu dira: 112 (SOS Deiak) eta 900 840 111 (24 orduko Arreta Zerbitzua)
Liburuxkak Aiarako, Arabako Lautadako, Guardia - Arabako Errioxako, Gorbeialdeko, Arabako Mendialdeko eta Añanako kuadrilletako udalerri guztietan banatzen dira, baita Trebiñuko enklabeko udaletan ere. Kuadrillak eta udalak beraiek ari dira inprimakiak banatzen.
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "Material horren asmoa da Arabako gizartea indarkeria matxistaren gaitzarekiko sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, jarduteko jarraibide eta gomendio errazak eskainiz, bai emakume biktimentzat, bai genero indarkeriaren kasuren bat ikusi duten pertsonentzat".Arren eskatu du herritar guztiek erantzukizunez jardun eta banakako konpromisoa har dezatela, "emakume guztiok errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako festez gozatu ahal izan dezagun".


Agurainen, 2023ko uztailaren 12an
ALKATEAK, JAKINARAZTEN DU:
Beste behin ere Aguraingo emakume batek duela urte batzuk jasaten ari zen indarkeria egoera amaitzea erabaki du; indarkeria fisikoa, psikologikoa eta ekonomikoa, hain zuzen ere. Erabaki honen aurrean, Aguraingo Udalak gogorarazi nahi dio emakumeari ez dagoela bakarrik eta bere elkartasuna adierazi nahi dio bai berari, baita bere familiari ere. Halaber, emakumearen ausardiari balioa eman nahi diogu, aspalditik bizi zuen indarkeria-zirkulua apurtzeko urrats hori emateagatik.
Aguraingo Udalak argi utzi nahi du horrelako gertakarien jatorria emakumeak zapalduak eta kontrolpean eduki nahi dituztenen jarrera eta ideia matxistetan dagoela oinarrituta. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, pertsonen arteko berdintasuna aldarrikatzen dugu. Emakumeen duintasuna, integritate fisikoa eta psikologikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzek ez dute lekurik gure jendartean.

Aurten berirro ere Ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, eskubideak eta bizikidetza aniztasunetik aldarrikatzen ditugu eta kolektibo horren eskubideak eta askatasunak onartzeko lortutako aurrerapenak ospatzen ditugu.
Eusko Jaurlaritzaren LGTBIQ+ kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua den Berdindu zerbitzu publikoak, eskerrak eman nahi ditu ahaleginak batu dituzten pertsona guztiei sexuaskapenaren aldeko borrokaren alde, eta, gaur egun, gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei.

Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nelly Valencia Yulerekin bildu da. Nelly Kolonbiako Caucako Eskualde Kontseilu Indigenako kidea da. Bisita Aldundiak Mugarik Gabe erakundearen bidez babesten duen garapenerako lankidetza-proiektuaren ekintzen barruan kokatzen da, eta CRIC da proiektua Kolonbian gauzatzen duen erakundea.
CRIC Emakume Programaren koordinatzailea da 2017. urtetik 2019. urteko maiatzera arte. Gaur egun, kargu hori ere badu. Ekainaren amaieran CRICeko Kontseilari Nagusi izendatuko dute, Caucako hamaika herri indigenen erakunde autonomoko agintari gorena. Emakume Programari babesa ematen dio. Programa horretan emakumeak espazio desberdinetatik artikulatzeko aukera ematen duten ekimenak abiarazten eta babesten dira. Era berean, irakaskuntza-pedagogia gisa prozesua indartzen du, emakume indigenen barneko zein kanpoko ikusgarritasuna sustatzeaz gain.
Bisitan, Luz Evelia Pechene ere izan da, CRIC programaren agintari eta arduradun politikoa.
Arabako emakumeen eta Caucako emakumeen arteko ikaskuntzak eta zailtasunak trukatzeko bira gisa planteatzen da bisita. Bi erakundeen egitura ezagutzeko eta partekatzeko aukera eman du, eta arreta emakumeen giza eskubideen, indarkeria matxisten eta estrategien egoerari buruzko testuinguruan jarri du, baita LAIA, Arabako Foru Aldundiaren ahalduntzerako eskola ere.

2022-2023 ikasturtean hamabi klub desberdin egon dira martxan. Gaztelaniaz, "La hora violeta" izenburupean Arabako kuadrilla guztietan, eta, bestalde, Aiara, Lautada, Errioxa, Mendialdea, Gorbeialdea eta Gasteizko euskarazko klubak.
Larunbateko hitzorduari hasiera emateko, Montse Angulo Aiarako Udaleko Berdintasun zinegotziaren, Loli Muriel Aiarako Kuadrillako presidenteordearen eta Ainhoa Campo Berdintasun eta Giza Eskubideen foru zuzendariaren ongietorria izan zen.
Hirurek klubetako koordinatzaileen lana nabarmendu eta eskertu zuten, hau da, Bego Etayo, Matxalen Gaminde, Ainhoa Aldazabal eta Gemma Lasarterena, eta adierazi zuten “irakurketa feministako klubak ahalduntze feminista kolektiboko benetako sare bat direla, non emakumeok elkarri ahotsa ematen diogun, komunean eta desberdintasunean aitortzen dugun elkar; dena delakoa izanik dugun adin, lanbide, jatorri edo egoera soziala.”.
Bego Etayo izan zen Topaketara gonbidatua izen zen Karmele Jaiori hitza eman ziona. Karmele kazetaria izateaz gain, hainbat nobela, poesia eta libururen autorea da. Bere hizketaldia “Aitaren Etxea” liburuan zentratu zuen. Honakoa irakurle klubetan irakurri izan da, eta genero rolak eta estereotipoak, indarkeria matxista, maskulinotasunak , … jorratzen ditu.
Bere solasaldiaren ondoren, Matxalen Gamindek idazlearen eta Aiarako klubetako partaideen arteko elkarrizketari bide eman zion. Truke horretan, Aitaren etxea eta Isa Diez poeta laudiotarraren pasarteak irakurri ziren, eta Karmelek horiei buruzko gogoeta egin zuen.
Hitzaldia amaitu ondoren, Gasteizko Feminist Agenda euskarazko irakurketa taldeak, Gema Lasarte koordinatzailearekin batera, kafea eta mokadu goxo batek lagunduta 2022an sortu zuten Aitaren etxea erakusketa azaldu zuten.
Programarekin jarraituz, Kexaako bolatokira joan ginen. Bertan, Marian Isasik Aiarako boloan nola jolasten den erakutsi zigun, kirola probatzera animatu ginen parte-hartzaileen artean minitxapelketa dibertigarri bati bide emanez.
Arcos de Quejanan bazkaldu ondoren, Ametsen hariztiari bisita egin genion, aire zabaleko museoa, 25 artistaren lana bere haritzen azalean bistaratzen duena.
Eskerrik asko hurbildu zineten emakume guztiei, hurrengo Topaketara arte!
Argazki-galeria

Myrian Carolina Arciniegas, Tolimakoa, Kolonbia.
Luisa Liseth Garcia Tiu eta Evangelina Samines Bocel de Ibaté de Sololá, Guatemala

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzuak bilera bat izan du Kolonbiako Yenidia Cuellar lider feminista eta nekazariarekin, zeina Kolonbiako Cimitarra ibaiko Nekazari Elkarteko kide baita.
Bere lidergo feminista, baserritar eta ingurumenekoaren ondorioz, mehatxuen, jazarpenaren eta estigmatizazioaren eraginpean dago etengabe. Horregatik, gaur egun, Giza Eskubideen defendatzaileak Babesteko Kataluniako Programaren barruan dago, eta sei hilabetez egongo da Bartzelonan.
Ekintzailearekin izandako topaketan, bertatik bertara ezagutu ahal izan genituen bere lurraldean egiten dituen jarduerak, aurkitzen dituzten zailtasunak, eta Nekazarien Erreserbako Eremu jasangarri bat eraikitzeko antolaketa-apustua, non giza eskubideak errespetatzen diren nekazaritzaren eta ingurumenaren kontserbazioaren ikuspegi feminista batetik.
Yenidia Prebentzio eta Babeserako Erakunde arteko Ibilbidearen sustatzailea da. Nekazarien apustua da, emakumeen indarkeriei aurre egiteko protokolo komunitario bat ezartzeko. Giza Eskubideen eta ingurumenaren alde egindako lanean, zilegi ez den erabilera duten laboreen ordezkapena babesten du, 2016an sinatutako Bake Akordioaren zati dena, eta horrek etengabeko arrisku-egoera sortzen dio.

T 'zk' at Feminismo Komunitarioaren Antzinako Sendatzaileen Sareko kideak Berdintasunaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin partekatu du bere lana.
Chahim Velasquez gorputz pluraletatik sendatzen aditua da, Guatemalako Maya herriaren ikuspegiarekin, eta lurraldeko feminismo komunitarioa sustatzen du; horrela, gorputzaren eta lurraren arteko lurraldearen sendaketa lortzen du. Guatemalako T 'zk' at Lurralde Feminismo Komunitarioaren Antzinako Sendatzaileen Sareko kidea da. 2018az geroztik, Sendatze Topaketak egiten ditu, eta herrialde osoko 400 defendatzailek parte hartu dute.
Entreamigos-Lagun Artean (EA-LA) erakundearen eskutik, Guatemalan garapenerako lankidetza sustatzen duen erakundea bisitatzen ari da gure lurraldean. Elkarte honek kontzientziazio kritikoa, dekoloniala eta feminista sustatzen du Euskal Herriko herritarrengan, eta herritartasun globaleko alternatibak bilatzen eta eraikitzen dituzten prozesuetan laguntzen du, asmo horiek indartuz eta Guatemalako errealitatea eta emakumeena Euskal Herrira ekarriz.
Chaim Velasquezek maiatzaren 23tik 31ra egingo duen bisita Guatemalako eta Euskal Herriko erakundeen eta emakumeen arteko elkarlanaren eta ezagutzaren aldeko apustuaren barruan kokatzen da. Hala, maiatzaren 24an, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikariekin eta politikariekin bildu zen, eta emakumeen eskubideak sustatzen egindako lana eta esperientzia aurkeztu zien.
+ info

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzuak topaketa bat izan du Paolina Albani kazetariarekin, Mugarik Gabe lankidetza-erakundearen proiektu baten barruan.
Paolina Albani Guatemalakoa, herrialde horretako komunikabide alternatiboa den Prentsa Komunitarioko lantaldeko kidea da. Azken urteotan, Europar Batasuneko Prentsa Solway Investment nikel errusiar eta suitzarraren meatzaritza transnazionalak El Estorreko (Izabal) q 'eqchi komunitatean eskubideen urraketak argitara eman dituen ikerketa prozesu baten parte aktiboa izan da. Salaketa bi unetan egin zen, ikerketa zabal eta zorrotz baten ondoren. Ikerketa horretan 60 kazetari eta 20 komunikabide baino gehiagok parte hartu zuten, hala nola El País, Proceso, The Guardian, Le Monde. Horri esker, azaleratu egin dira lurralde, natura, defendatzaileen aurkako kriminalizazioak, kutsadura eta ustelkeria orokorra.
Guatemala beste bi egoera benetan larritan murgilduta dago: hauteskunde-prozesua, hautagaitzaren bat kanpoan uztean iruzur egiteko arrisku larriarekin; eta bere lanean independentzia eta zintzotasuna mantentzen saiatzen diren komunikabide eta kazetari bakanen kriminalizazioa, Erkidegoko Prentsa hedabide digitala barne.
51 - 75 erakusten 82 emaitzetatik.





