Laia - Arabako Berdintasunaren eta Emakumeen Ahalduntzearen aldeko ekimena - laia
Home laia eus

Zer da
Laia?
LAIA Arabako Lurralde Sarea da, emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako. Haren bitartez, bere eskolak, LAIAeskolak, ahalduntze feministako prozesuak bultzatzen ditu, emakumeen partaidetza sozio-politikoa indartzen duten tresnak eta dinamikak eskainiz. Aldi berean, gizarte osoarekin (emakumeak, gizonak eta beste identitate batzuk) lan egiten dugu ikuspegi feministatik eta giza eskubideen ikuspegitik, genero-desberdintasun guztiak ikusaraziz eta jorratuz.
Zure kuadrillan
Ezagutu zure kuadrillari buruzko informazio aipagarri guztia, beti egunean egoteko. Iragazi eremuka eta deskubritu zure eremuko ekitaldi eta artikulu garrantzitsuenak.
Encabezado agenda home eus
Hemen aurkituko duzu LAIAk Arabako kuadrilla guztietan antolatzen dituen tailer, prestakuntza, hitzaldi eta bestelako ekitaldi interesgarrien programazio osoa.
Eduki publikatzailea
Encabezado actualidad h
Gune honetan Araban eta kuadrilletan gertatzen denari buruzko albisteak, artikuluak, erreportajeak eta eduki esklusiboa aurkituko dituzu.
Eduki publikatzailea

Arabako Foru Aldundiak ekitaldi instituzionala egin dugu Artium Museoan, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Arabako emakumeen memoria eta ondarea aitortzeko topaketa da.
Ekitaldian Arabako kuadrilletako zazpi emakume eta elkarteri omenaldia egin zaie, emakumeen memoria, kultura eta lana denboran zehar zaintzen eta transmititzen lagundu dutelako. Aintzatespen gisa, #Laia jaso zuten, Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Lurralde Sarearen (LAIA) ikurra.
Ekitaldian solasaldi bat ere izan da, memoria, komunitatea eta emakumeek lurraldearen historian eta gizarte-bizitzan duten paperari buruz.
Topaketei buruzko informazio gehiago


Arabako Foru Aldundiak bat egiten du Martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta berretsi egiten du gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrarekiko konpromisoa, baita indarkeria matxistaren modu guztiak desagerraraztekoa eta emakume guztien giza eskubideak erabat defendatzekoa ere.
Berdintasuna oinarri demokratiko utziezina da, bai eta erantzukizun etiko eta kolektiboa ere, erakundeen eta herritarren inplikazio aktiboa eskatzen duena. Horregatik, aitortu egin nahi dugu mugimendu feministaren eta hainbat emakume belaunaldiren etengabeko lan eraldatzailea; izan ere, aurrerapauso erabakigarriak sustatu dituzte gizarte askeago, bidezkoago eta kohesionatuago bat izateko.
Diskurtso erreakzionario eta negazionistak ugaritzen ari dira, eta diskurtso horiek garrantzia kentzen diote indarkeria matxistari, zalantzan jartzen dituzte lorpen historikoak eta oinarrizko eskubideak, eta berdintasun politika publikoen legitimitatea ahuldu nahi dute. Diskurtso horien aurrean, Arabako Foru Aldundiak irmotasunez adierazten du berdintasuna ez dela aukera ideologiko bat, eskubide unibertsal ukaezin bat baizik, anbiguotasunik gabe babestu eta bermatu behar dena.
Aurrerapenak aurrerapen, oraindik ere egiturazko desberdintasunak daude, emakumeen bizitzan eragin sakona eta espezifikoa dutenak, hala nola zainketen gainkarga, ekonomia eta lan prekarietatea, edo askotariko diskriminazio eta indarkeriak.
Emakunderekin, EAEko beste aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan, Arabako Foru Aldundiak martxoaren 8ko erakundearteko kanpaina bultzatu du, ‘Eman tokia berdintasunari’ lelopean. Kanpaina horren helburua da emakumeen eskubideak bizitzaren eremu guztietan bermatzen eta “arnasguneak” sendotzen laguntzea. Gune horiek zaintza, ahalduntze eta erreparazio gune komunitarioak dira, eta haietan, emakumeek erresistentziak partekatu, indarrak berreraiki, kolektiboki erreparatu, eta askatasun aukera berriei bide eman ahal diete.
Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiak berdintasun politika publikoak indartzeko konpromisoa berresten du; izan ere, politika horiek atzerapausoak saihesten dituzte eta baliabide integralak, eskuragarriak eta kalitatezkoak sendotzen dituzte, indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak babesteko eta laguntzeko. Era berean, Aldundiak gizonen, gizon gazteen eta mutikoen erantzunkidetasuna eta inplikazioa sustatzearen aldeko apustuari eusten dio, berdintasunezko harremanak eraiki ahal izateko.
Gainera, mugimendu feministarekin eta gizarte eta toki erakundeekin aliantza egonkorrak sendotzea defendatzen du, eta haien ondare historikoa eta eragin eraldatzailea aitortzen du.
Berdintasuna eraikuntza kolektiboa da, eta ekintza jarraitu eta komunitarioaren bidez baino ez da lortzen gizarte eraldaketa. Horregatik, Araba berdinzaleago eta bidezkoago baten eraikuntzan parte hartzera gonbidatzen dugu Arabako gizarte osoa, eta Martxoaren 8a dela-eta antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen dugu.
Araban, berdintasunarekiko konpromisoak ez du garrantzirik galtzen; aitzitik, sendotu egiten da, gero eta toki gehiagotara hedatzen da, eta indar handiagoz zabaltzen; izan ere, funtsezko bermea da bizikidetza demokratikorako, kohesiorako eta lurraldearen aurrerapen sozialerako.
Martxoaren 8an, Arabako komunitate osoak bat egin dezala, sendo eta konprometituta, duintasun, arnas eta aukera gune berriak eraikitzeko; hala, emakume guztiak askatasun eta berdintasun erabatekoaz bizi daitezen, erabaki dezaten eta garatu daitezen.

"Zeuk daukazu bala... Neuk hitza... Detonatzean hiltzen da bala... Ihardestean bizi da hitza" zioen Berta Cáceresek.
Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak (GEBI) Aditu Independenteen Diziplina arteko Taldearen txostena aurkeztu du Berta Cáceresen kasurako. Hondurasko GIEIk Berta Cáceres kasuaren azken txostena entregatu du.
Berta Cáceres proiekzio nazionaleko eta nazioarteko figura bat zen. Hondurasko Herri Erakundeen eta Indigenen Kontseilu Zibikoaren (HHEIKZ) koordinatzaile gisa, komunitate indigenen erresistentzia artikulatu zuen aldez aurretik kontsulta aske eta informaturik egin gabe onetsitako proiektuen aurrean, horrek Hondurasko estatuaren konstituzio betebeharrak eta nazioarteko betebeharrak urratzen baitzituen. Haren lidergoa erabakigarria izan zen Aguas Zarca presaren aurrerapena geldiarazteko, zeina Desarrollos Energéticos SA enpresak sustatu baitzuen (DESA), eta proiektu horien gizarte, ingurumen eta kultura inpaktuak ikusarazteko, bai herrialde barruan, bai kanpoan.
Txostena ageriko sekretu batekin amaitzen da; hau da, Berta Cáceresen hilketa operazio kriminal baten emaitza izan zela. Operazio kriminal hori kontu handiz planifikatu eta gauzatu zen sikario batzuk barne hartu zituen egitura baten bidez, baita Desarrollos Energéticos SA (DESA) enpresako zuzendariak eta estatuko hainbat eremutako laguntza, tolerantzia eta omisio sareak ere. Krimena aurreikusteko eta prebenitzeko modukoa izan zen: informazio zehatza zegoen estatuaren esku eta denbora errealean, haren plangintzari buruz ohartarazten zuena.
Duen garrantziagatik eta eraginagatik, Laiak funtsezkotzat jotzen du Berta Cáceresen kasuko txostena partekatzea eta zabaltzea: emakume indigena lenkoa, komunitate liderra eta botere egitura sakonki maskulinizatu eta arrazializatuei aurre egiten zien figura publikoa zen, eta horrek estigmatizazio eta indarkeria modu desberdin eta astunduetan egotera eraman zuen. Berta Cáceresen aurkako indarkeria ez da soilik proiektu espezifiko baten aurkako errepresalia gisa ulertu behar, baizik eta Hondurasko lurra, lurraldea eta ingurumena defendatzen dituzten emakume indigenak eta afro hondurastarrak neurriz kanpo zigortzen dituen egiturazko indarkeriaren eredu zabalago baten parte gisa ere bai.
Laiak Bertaren familiari omenaldia ere egin nahi dio. Izan ere, atsedenik hartu gabe borrokatzen jarraitzen du egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak lortzeko, eta omenaldi bat ere egin nahi die, banaka zein taldeka eta modu baketsuan, giza eskubideen babesa eta gauzatzea sustatzen eta bultzatzen duten pertsona guztiei.
Hain zuzen ere, justiziarekiko, bakearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoaren esparru horretan, Arabako Foru Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak abian jarri zuen Eragiteko eta Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Arabako mekanismoa (BAM), zeinak arreta berezia ematen baitie, besteak beste, testuinguru hauetan arrisku berezian dauden defendatzaile taldeei: ingurumenaren eta lurraren aldeko eta garapeneko megaproiektuei aurkako defentsa, herri indigenen, sexu eta ugalketa eskubideen edo indarkeriaren aurkako defentsa, sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin lotutako eskubideen defendatzaileak, komunitateetako kazetariak, lan eskubideen eta/edo salerosketaren biktimak, errefuxiatuak edo okupaziopean daudenak.






